Haizea Castresana izango da Espainiako Erreginaren Kopako finaleko epaileetako bat

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 13a

Haizea Castresana epailea.

FC Barcelona eta Atletico de Madrid taldeek jokatuko dute finala Kanariar Uharteetan eta jadanik 17.000 sarrera saldu dituzte. Castresanak uste du bere kirol ibilbideko partida garrantzitsuena izango dela, momentuz.

Larunbatean hitzordu oso berezia izango du Haizea Castresana futbol epaile aiaraldearrak Gran Canaria Estadioan, laguntzaile gisa arituko baita Espainiako Erreginaren Kopako finalean. FC Barcelona eta Atletico de Madrid lehiatuko dira partidan eta aurreikusi dute estadioa ia beteta egotea, jadanik 17.000 sarrera saldu baitituzte.

Erronkaren aurrean pozik azaldu da Castresana: "Ez nuen espero, baina erabaki hori hartu dute eta erakutsi didate nigan konfiantza dutela".

Hala ere, epaileak argi dauka egoera horretan bere onena eman beharko duela: "Ardura handia da eta emakumezkoen kirolean asko aldatu dira gauzak urte gutxitan. Orain jokalariak sekulako abiaduran mugitzen dira eta jokoz kanpo dauden erabakitzeko orduan kontzentrazio osoa behar da".

Hain zuzen, horri lotuta, Aiaraldea Komunikabideak galdetu dio nola hartuko duen FVS sistemaren erabilera (VAR sistemaren tankerakoa da, baina talde bakoitzak bi aldiz eskatu dezake soilik, eta epailearen erabakia bere interesen kontrakoa izan bada eta ez bada zuzena izan, mantentzen du berriro eskatzeko aukera). Castresanak uste du horrek lasaitasuna ematen duela: "Ondo baliatuta, nire erabakiek ez dute baldintzatuko finalaren emaitza".

Finala, partida berezia

21:00etan hasiko da larunbateko zita eta epaileak aurreratu oso lehiatua izango dela. Izan ere, aiaraldearra Federazio Kopako final batean aritu da jadanik Ourensen eta ondo baino hobeto daki horrelako norgehiagokak oso bereziak direla.

Berez, Las Palmasera bihar joango dira eta entrenamendua egingo dute Gran Canaria Estadioan, futbol zelaia ezagutzeko eta ematen dituen sentsazioak sumatzeko.

Asteburutik harago, Castresanak adierazi du emakumezkoen liga profesionalean aritu ez ezik, espero duela Lehen Maila Rfef-era ere igotzea, gizonezkoen kategorian.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide