Sugarrak saskibaloi klubeko gizonezkoen senior taldeak maila igoera lortu du eta emakumezkoenak eutsi dio kategoriari

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 14a

Gizonezkoen senior taldea./ Sugarrak

Bigarren mailan aritzeko eskubidea izango dute hurrengo denboraldian gizonezkoek eta emakumezkoek, aldiz, lortu dute bigarren mailari eustea. Bien lana goraipatu du klubak.

Sugarrak klubak nabarmendu nahi izan du bere bi senior taldeek denboraldiko helburuak bete dituztela. Alde batetik, etxean jokatutako Ligako azken partida galduta ere, (50-57 Gazalbide A taldearen kontra), Sugarrak Ventaclimeko jokalariek, hau da, klubeko gizonezko seniorrek, igoera lortu dute bigarren mailan aritzeko 2026/2027 denboraldian.

Klubak urte osoko esfortzuak, konpromisoak eta talde-lana goraipatu nahi izan ditu. Sugarraken ustez, kantxa barruan zein kanpoan bat egin duela erakutsi du taldeak, merezitako helburua eskuratuta.

Edonola ere, lehiaketa ez da samurra izan eta partida oso gogorrak gainditu behar izan dituzte, baten bat galdu dute eta beste asko emaitza estuekin amaitu dira. Une batzuetan nagusitasun handia ere islatu dute eta, esaterako, 20. jardunaldian 35-88 gainditu zuten Pozo I. Moicar taldea.

Emakumezkoen senior taldearen lorpena ere azpimarratu nahi izan du saskibaloi klubak. Izan ere, bigarren maila erregionalari eutsi diote eta urte zaila izan dute horretarako. Hala ere, inoiz ez dute amore eman. Lana, konpromisoa eta ardura funtsezkoak izan dira iraunkortasuna lortzeko eta hori dela eta, zoriondu dute taldea denboraldia aurrera ateratzeagatik.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide