Laudioko kulturanitza dela aldarrikatu eta ospatzeko bat egin dute herriko elkarte eta eragile ugarik. Maiatzaren 21an jarri dute zita, Kultura Aniztasunaren Nazioarteko Egunean, hain zuzen.
Goizeko egitaraua izango da eta Abastos plaza izango da ekintzen erdigunea, herritik ibilaldia egingo dute, arduera fisikoa eta harreman sozialak sustatzeko helburuarekin, dagoeneko martxan dagoen Bidelagun programaren barruan. 11:15ean elkarrekin egingo dute hamaiketakoa eta ostean, 12:00tan argazki erakusketarekin bukatuko dute egitasmoa.
Argazki lehiaketa
Argazki lehiaketa ere antolatu dute eta erakusketa parte hartzen dutenen irudiekin osatuta egongo da. Laudioko kultura aniztasuna ardatz hartuta, 622279889 telefono zenbakira edo laudiokulturanitza@gmail.com helbidera bidali ahalko dira lanak. Bihar, hilaren 15a, da parte hartzeko azken eguna.
Bi kategoria egongo dira: gazteena, 30 urte edo beherakoena, alegia, eta helduena adin horretatik gorakoei bideratuta. Egun horretan bertan jakinaraziko da kategoria bakoitzeko irabazlea, eta helduen kategorian merkatuko produktu lote bat jasoko du, eta gazteenean bi pertsonentzako afaria.
Antolatzaileen artean daude, besteak beste, Etawasol elkartea, Helduentzako Hezkuntza zentroa, Faktoria, Kale Hezitzaileak, Zapalan, Caritas, Sartu, eta Bor-bor elkartea eta irudien bidez gaia lantzen lagundu dezaketen galderak proposatu dituzte: “Zerk irudikatzen du zure kultura(k)? Zerk irudikatzen du zuretzat kulturartekotasuna? Objektu bat, momentu bat, etxeko ohitura bat, jateko bat, kanta bat, dantza bat, leku bat, pertsona erreferente bat, keinu bat…”
Hauek dira lehiaketaren bestelako baldintzak:
- Argazki bakarra onartuko da pertsona bakoitzeko.
- Argazkiarekin batera izen abizenak eta kontaktua eman behar da irabaztekotan saria entregatu ahal izateko.
- Lehiaketan eta erakusketan parte hartuko dute lehengo jasotzen diren 50 argazkiak gehienez.
- Maiatzak 21ean Laudion argazki erakusketa egingo da argazki hauekin, Kultur aniztasunaren munduko egunaren egitarauaren baitan.
- Argazki erakusketan argazki guztiak anonimoak izango dira eta egunean bertan burutuko da irabazleak erabakitzeko bozkaketa.