Maderas de Llodio greba mugagabean

LABek eta ELAk "benetako inplikazioa" eskatu diote Aldundiari Maderas de Llodioko gatazka konpontzeko, akordioa lor daitekeela nabarmenduta

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 18a

Maderas de Llodioko grebalariak, artxibo irudi batean. / Aiaraldea.eus

Enpresa eta grebalarien arteko elkarrizketak puntu kritikoan sartu dira eta LAB eta ELA sindikatuek eskatu diote Arabako Foru Aldundiari benetako bitartekaritza lanak egitea lan gatazkan.

LAN eta ELA sindikatuek oharra zabaldu dute salatzeko Maderas de Llodio enpresako zortzi hilabeteko greba mugagabea une kritikoan dagoela, konpainiak negoziazioa blokeatu duelako. 

Aiaraldea Komunikabidea sindikatuekin jarri da harremanetan eta azaldu diote Garnica taldeak "azken eskaintza" egin duela. Langile batzordeak beharginekin eztabaidatu du eta proposamena ez dela nahikoa ondorioztatu dute.

Garnica taldeak "azken eskaintza" egin duela eta negoziazioa blokeatu duela salatu dute sindikatuek

Hala ere, langileen ordezkariek erantsi dute bi puntutan dauden desadostasunak moldatuta, akordioa posible litzatekeela, Horretarako, Garnicari euren proposamena bidali diote eta Arabako Foru Aldundiari exijitu diote (bitartekari lanak egiteko ardura hartu zuen neurrian), enpresarekin hitz egiteko, adostasuna hel dadin.

LABek eta ELAk azpimarratu dute greba amaitzeko akordioa lortzeko aukera dagoela, baina horretarako Garnicak prestutasuna agertu behar duela. Izan ere, euren ustez, orain arte "enpresaren jarrera mendekuzkoa, seriotasunik gabekoa eta benetako akordioak lortzeko borondatetik urrun dago".

Erakundeei ardura eskatu diete

Langile erakundeak oso modu kritikoan mintzatu dira instituzioei dagokienez eta salatu dute bitartekaritza lanak ez duela emaitzarik ekarri. Horrez gain, eskualdeko errealitatearekin bat egiten ez duten diskurtsoak zabaltzea ere leporatu diete.

Erakundeei eta bereziki Arabako Foru Aldundiari exijitu diote benetako bitartekari lanak egitea

Horrela adierazi dute sindikatuek: "Azpimarratu nahi dugu badagoela kontraesan nabarmena diskurtso instituzionalaren eta bizi dugun errealitatearen artean. Maderas de Llodioko langileek enpresaren etorkizunaren alde borroka irmoa mantentzen duten bitartean, duela gutxi Etorki eta Lana (Murga) enpresaren planta berriaren inaugurazioan, Imanol Pradales Lehendakariak adierazpen publikoak egin zituen Euskadiko baso-kudeaketaren garrantziaz, egurraren sektorearen balio estrategikoaz eta tokiko baliabide izateaz (km 0), eta industriarik gabe ezin dela baso-kudeaketa jasangarririk egon. Maderasen errealitatea, ordea, kontrakoa da: jardueraren deslokalizazioa onartu da, egurraren eraldaketa kanpora eramanez eta hemengo pinua erabiltzeari utziz".

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide