Ehunka lagun bildu ziren atzo Laudioko bularreko minbizi metastasikoaren aurkako ibilbide solidarioan. Aldai plazatik abiatu ziren eta herriko kale eta auzo ugari zeharkatu zituzten, Ugarteko plazan amaitzeko.
Maite ta bizi elkarteari eman diote izen emateekin bildutako dirua. Talde horretako kide batek hartu zuen hitza ekimenaren hasieran. Hiru ideia plazaratu zituen lehenbizi: bularreko minbizi metastasikoa "isilarazi" egiten da, sendagaitza da gaur egun eta "ikerketak beharrezkoak direlako botika berriak lortu eta bizirautea handitzeko".
Hasiera ekitaldian gogora ekarri zituzten baita "ez dauden kide guztiak" eta Itxaso eta Maribeli egin zieten aipamen berezia. "Zuen izenak ozenki entzuten dira gaur eta zuen oroitzapena gutariko bakoitzean dago eta beti egongo da", nabarmendu zuten.
Horrez gain, eskerrak eman zizkieten ekimena antolatu duten kideei, Udalari, Ugarteko Gazteak taldeari eta Institutuko batxilergo artistikoki ikasleei, "aurten eurak izan direlako kamiseten diseinua egin dutenak".