"30 minuturo pizten ziren alarmak, ikusi genituen droneak, entzuten ziren interzepzioak… Eta hori umeekin zaila da"

Aitor Aspuru Saez 2026ko maiatzaren 21a

Ainhize Ugarte eta familia Bahrainen. / A. U.

AINHIZE UGARTE (Laudio) eta bere familia Bahreinen zeuden Israelek eta Ameriketako Estatu Batuek Iran erasotzeari ekin ziotenean. Errepublika islamikoak berehala erantzun zuen eta bere droneak eta misilak Bahreineraino heldu ziren.

Zenbat denbora eman duzue Bahrainen?

Abuztuan joan ginen eta Laudiora itzuli ginen guda hasi zenean, martxoaren 7an. Daneli, nire bikoteari, proposatu zioten lan proiektu bat eta hara jo genuen, familiarako proiektu polita izan zitekela iritzita.

Nolakoa izan da esperientzia?

Guda hasi arte oso polita eta oso aberatsa. Herrialdea kultura ezberdinez osatuta dago eta ematen dizu aukera bestelako errealitaterekin harremana izateko, ikusteko eta partekatzeko.

Zer topatu duzu esparru horretan?

Talka kulturala dago, baina Mendebaldearen eragina oso handia da. Kultura ugariko jendea bizi denez, egunerokoan ez da oso nabaria ezberdintasuna. Janzkera edo kalean bizitza egiteko ohitura ez da bera, bero handia egiten duelako goizez eta arratsaldetan ateratzen direlako, baina bestalde, antzeko errutina izan dugu.

"Guda hasi zenean erosketak egiten ari ginen, larunbatero bezala"

Nola moldatu izan zara hezkuntza eta hizkuntzako arloetan?

Hizkuntzari dagokionez, itzultzailea dugu etengabe. Danelek oso ondo menperatzen du ingelesa eta alde horretatik babestuta dago, eta Amaiur hasi da ni baino gehiago menperatzen.

Hezkuntza ezberdina da, oso diziplinatua, baina aukera asko ematen dituzte eta oso aberatsa da, gelan herrialde ugariko umeak daudelako eta horrek bestelako ikuspegia ematen duelako. Arabiarrak ez ezik, britainar asko, hegoafrikarrak eta Hego Ameriketako familiak ere ezagutu ditugu.  

Zer gustatu zaizu Bahrainen?

Ilunabarrak eta egunsentiak izugarriak dira. Herrialdea oso segurua da, joan zaitezke aurreiritziekin esparru horretan, baina oso lasaia da. Etxeko ateak irekita daude, autoen giltzak jarrita uzten ditugu eta erosketak egitean jende askok ibilgailua irekita eta motorra piztuta uzten du. Hemen ez zaigu horrelakorik bururatzen.

Nolakoa izan da zure egunerokoa han?

Nire rola izan da, nagusiki, Aiert zaintzea, ez baitago eskolaratua oraindik. Tarteka etxean egon naiz eta etxeko ardurak hartu ditut.

Dena joan da ondo harik eta Ameriketako Estatu Batuek eta Israelek Iran eraso duten arte.

Hala izan da. Atzera begira, martxoa baino lehen jaso genituen sakelakoan mezu batzuk alarma sistema aktibatzeko, baina ez genekien zergatik.

"Bahrain txikia da, hortaz, erasoa nabaritzen zen. Gero egon gara Saudi Arabian eta handiagoa denez, zonalde guztietan ez zen sumatzen"

Guda hasi zenean, larunbatero bezala geunden erosketak egiten eta itzultzean Danelek enpresako gerentearen deia jaso zuen. Niri nire amak deitu ninduen jakiteko ondo geunden. Elkarri partekatu genion informazio hori eta berehala hasi ziren sirena hotsak.

Harrituta geratu ginen, ez genekien zer zen. Jarraian telefonoan agertu ziren alarmak, adierazteko leku seguruan babestu behar ginela. Geroztik sarritan agertzen ziren alarmak eta urrunetik bada ere, eztandak entzuten genituen. Izan droneak, misilak edota interzepzio gailuenak, entzuten genituen. Gauez ere ikusten genituen.

Kontuan hartu beharra dago Bahrain txikia dela, hortaz, erasoa nabaritzen zen. Gero egon gara Saudi Arabian eta handiagoa denez, zonalde guztietan ez zen sumatzen.

Nola erantzun zenuten egoera horretan?

Ezjakintasunetik. Ez genekien zer gertatzen zen, eta WhatsAppak ere etengabe jotzen zuen; eskolako familien mezuak, auzokoenak…

Hasieran informatu ginen. Agian hemen informazio gehiago zenuten.
Lehen eguna gogorra izan zen, baina gaua askoz gehiago. 30 minuturo pizten ziren alarmak, ikusi genituen droneak, entzuten ziren interzepzioak… Eta hori umeekin zaila da.

Noiz arte egon zineten horrela?

Zorionez, bigarren egunean alde egin genuen. Zumaiako neska bat eta bere familia ezagutu genuen Qatarren eta eskaini ziguten Saudi Arabiara joatea eurekin. Zubi batek lotzen du Bahrain eta Saudi Arabia. Oso gertu dago. 30 minututan kanpoan geunden.

"Lehen eguna gogorra izan zen, baina gaua askoz gehiago. 30 minuturo pizten ziren alarmak, ikusi genituen droneak, entzuten ziren interzepzioak… Eta hori umeekin zaila da"

Dena den, Saudi Arabian ere jazo dira erasoak.

Bai, baina gu urrun geunden. Bost edo sei egun egon ginen han. Hasieran hegazkinak zeuden, gero aire espazioa itxi zuten… Dammametik oso gertu geunden eta gure asmoa zen handik joatea, baina gero Riyhadera jo behar izan genuen.

Horretarako lau orduko bidaia egin behar izan genuen alokatutako autoz basamortuan, findegien artean, hain zuzen. 

Bidaia hori gogorra izan zen. Beldur ginen, Bahrainen eztanda bat sentitu genuelako gertu. Zama emozional horrekin egin genuen, eta lasaitasun plantak egin behar izan genituen, umeekin baikeunden.

Nola bizi izan dute umeek?

Aiertek jolas moduan errepikatzen ditu soinuak. Aste Santuko oporretan egiten zuen: “Hegazkina pun-pun-pun”. Barre egin dugu horrekin.

Amaiur nagusiagoa da eta egoera ondo ulertu du. Beldur edo ezinegon bat dauka eta greba egunean zaratak entzun zirenean galdetu zuen ea hona ere heldu zen gatazka.

Dena den, guk ez dugu suntsipena bizi izan. Dardarak eta burrunba bai, baita misilak eta droneak ere, baina ez dugu ezer txikituta ikusi.

"Saudi Arabian lau orduko bidaia egin behar izan genuen alokatutako autoz basamortuan, findegien artean, bidaia hori gogorra izan zen"

Atzera begira nola sentitzen duzu dena?

Oso urrun. Amets baten moduan. Orain Amaiur hango eskolan dago, on-line, eta Bahraingo errutina dugu. Bahrainen astea igandean hasten da eta ostegunean amaitzen da, ez du hemengoarekin bat egiten, hortaz, ez gaude hemengo bizitzarekin sinkronizatuak.

Itzultzeko asmoa duzue?

Printzipioz bai. Bertako jendearekin harremanetan gaude eta 18 egun inguru daramate erasorik gabe. Uste dugu uda baino lehen onuragarria izango litzatekela itzultzea. Amaiurrentzat gogorra da on-line egotea eta zama emozionala ere bada.

Momentuz, ezjakintasuna dugu. Alde batetik gogoak ditugu errealitatea ikusteko eta dena lasai dagoela berresteko, baina beldur puntua dugu.

Familia gisa uste dut dena ondo eta azkar egin genuela, traumatikoa ez izateko, baina bestalde, orain arte suntsitu dituzte base militarrak, eta hurrengoan Saudi Arabia eta Bahrain lotzen duen zubia txikitzen badute?

Hor geratuko ginateke, irla bat delako. Dena den, beldurrak baino ez dira, ikusiko dugu.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide