Espainiako Selekzioarekin jokatzen aritu zara Munduko areto hockey txapelketan. Zer moduzko esperientzia izan da?
Hainbat kategoria daude, 45 urtetik 70ra. Nik Master 55ean jokatu dut, Espainiak 50 eta 55an soilik lehiatzen zuelako.
Esperientzia oso polita izan da. Jende askorekin egin dut topo, herrialde ezberdinetakoak. Adin honekin jokatzen egoteko hockeyaren frikia izan behar zara apur bat, pasioa izan behar duzu. Oso pozik itzuli naiz.
Kostatu zitzaidan erabakia hartzea. Duela bi urte deitu ninduten, baina ez nuen Espainiarekin jokatu nahi. Psikologoarenera joan behar izan nuen Espainiarekin jokatzen lagundu ziezadan. Serio diot. Beti defendatu dut Euskadirekin jokatu nahi nuela, eta orain kuadrillako jendea aguantatu behar dut esanez Espainiarekin jokatzen dudala eta galdetzen ea dudan argazkiren bat kamisetarekin. Baina tira…
"Beti defendatu dut Euskadirekin jokatu nahi nuela, eta orain kuadrillako jendea aguantatu behar dut esanez Espainiarekin jokatzen dudala eta galdetzen ea dudan argazkiren bat kamisetarekin"
Eta zer bultzatu zintuen erabakia hartzera?
Honakoa esan zidaten: “Hockeya da, hockeyan jokatzea gustuko duzu eta ez duzu Euskadiko Selekzioarekin jokatzeko aukerarik, ez dagoelako zure adineko talderik. Gustatzen zaizu, ba goza ezazu, har ezazu lagunarteko txapelketa bat izango balitz bezala”.
Gauzak hala, “Espainia!” oihukatzen zutenean nik esaten nuen “A..”, eta listo (barreak).
Nire bikoteak ere lagundu ninduen. Esan zidan: “Zoaz zure adineko jendearekin jokatzera”. Izan ere, ni Gardean banago 20-25 urteko gazteekin entrenatzen, eta eurekin jokatzen dut jendea behar dutenean, baina bestela ez dut partidurik jokatzen. Baina entrenatzera banator.
Eskertzen dut erabakia hartzera bultzatu izana, esperientzia polita izan delako eta orain Espainiako Selekzioaren zurrunbiloan murgilduta nago jada, errespetu apur batekin eta “Espainia!” oihukatu gabe (barreak).
Lehen esperientzia horren atzetik beste batzuk etorri dira… lesionatu zaren arte.
Areto hockeyan lehiatzen egon gara orain arte. Laugarren geratu ginen Munduko Txapelketan. Ingalaterraren aurka lehiatu ginen podiumean sartzeko. Tranpa apur bat egin ziguten, baina tira, partidua galdu genuen. Aurretik finalaurrekoa galdu genuen Holandaren aurka. Partidu ona jokatu genuen, 6-3. Aurretik Australiari, Estatu Batuei, Irlandari eta Galesi irabazi genien.
Pena izan zen medailarik ez izatea, ilusioa egingo lidake, baina pozik gaude. Oso estu iritsi ginen, jende lesionatuarekin… baina emaitza positiboa da.
"Belar hockeyko munduko txapelketa dugu helburu, 60 urtetik gorakoen kategorian, abuztuan"
Zeintzuk dira hurrengo erronkak?
Belar hockeyko munduko txapelketa dugu helburu, 60 urtetik gorakoen kategorian, abuztuan. Orain prestaketa apur bat egiten aritu gara. Murtzian egon gara eta jokatu dugun azkena 60 urtetik gorakoen Espainiako Txapelketa izan da. Lau talde zeuden eta brontzezko domina ekarri dut bertatik.
Horrek balio izan digu selekzio moduan prestatzeko, eta hurrengo zita Valentzian da hemendik bi astera (elkarrizketa hau maiatzaren 2an egin zen), baina dudan aberiarekin ez naiz iritsiko. Bartzelonan dago beste bat ekainean, eta uztailean beste bat Getxon. Hilabete horretan aterako da selekzioarekin joango den jendearen zerrenda.

Bertan egotea da zure helburua?
Bai, uste dut aukerak ditudala, beste lesioren bat ez badut behintzat. 30 jokalariko inguru gaude, entrenatzailea aldaketak egiten dago, 22 inguru joango dira eta uste dut baietz, zerrendan egon naitekeela.
Baina badira hamar egun eta zazpi-zortzi partida, abuztuan, eta nire emazteak jada esan dit: “Aizu, nik animatu zintudan baina orain egunero zaude kanpoan” (barreak). Baina pena merezi du. Uste dut mundialera iritsi naitekeela.
"Orain teknika saritzen da, eta azkartasuna. Jendea fisikoki askoz prestatuago egon behar da orain"
Bizitza osoa daramazu hockeyan jokatzen…
Bai, 12 urterekin hasi nintzen.
Hemen, Gardeako zelaian?
Bai. Beno, hemen ez. Zelai hau ez zen existitzen. Lamuza Eskolan hasi ginen, bertakoa zelako areto hockeyan jokatzeko Laudion zegoen pista bakarra. Laudioko eskola guztiek zeukaten taldea!
Noizbait utzi duzu?
Ez, ez dut inoiz utzi. Futbolean ere jokatzen nuen, CD Laudion, eta bi gauzak uztartzen nituen. Saiatzen ginen partiduak ez kointzidiarazten. Kirol asko egin ditut: korrika, sokatira… ez dakit trebea izan naizen edo ez, baina beti izan dut lotura hori.
Eta zergatik da hockeya orain arte mantendu duzun kirola?
Ez dakit. Nik uste dut Ganbegin geneukana lagun-talde bat zela, kuadrilla...
Zer izan zen lehenago, kuadrilla ala taldea?
Elkarrekin ikasten genuen eta aldi berean sortu ziren taldea eta kuadrilla. Jokatzen ez zuten lagunek taldean amaitu zuten azkenean, gurekin egoteko. Horrela mantendu zen taldea. Gero joan ginen jende gaztea sartzen, eta orain taldekideak bazkaltzeko baino ez gara geratzen, jada ez dugulako jokatzen, baina bagara kuadrilla.
"Diziplina handia egon da, areto hockeyarekin batez ere. Orain pena apur bat ematen dit, kostatzen zaigulako gazteak erakartzea"
Zer nolako bilakaera izan du Ganbegik urte guzti hauetan?
Lehen taldea askoz fisikoagoa zen, teknika oso gutxi lantzen zen. Guk hemen jokatzen genuen belarreko hockeyan, eta zelaia arezkoa zen. Imajinatu ezazu: mugimenduren bat egiten genuen bakoitzean pilota lurperatu egiten zen. Orain teknika saritzen da, eta azkartasuna. Jendea fisikoki askoz prestatuago egon behar da orain.
Lehen Dibisioko hockey talde bateko jokalariek maila bereko futbolariek baino askoz gehiago egiten dute korrika. Kilometroak kontatzen badituzu amildegi bat dago batzuen eta besteen artean. Orain hockeyan falta bat markatzen denean pilota gelditu egiten da, baina autosakea egon daiteke, eta horrek eragiten du jokoa askoz azkarragoa izatea. Duela urte asko jokoz kanpokoak zeuden, futbolean bezala, gero murrizten joan zen, eta jada 15 urte igaro dira guztiz kendu zenetik. Horrek eragin du asko gol gehiago egotea. Lehen emaitza ohiko bat 2-3 edo 1-3 izan zitekeen, baina orain egon daitezke 2-7 amaitzen diren norgehiagokak. Hobetu egin da ikuskizunaren aldetik.
"Noski, ezin dut 20 urteko gazte batek bezainbeste korrika egin, baina duela bost urte arte ez ninduten ezta atzean uzten e! Badut nerbioa oraindik!"
Kirolaren zabalpenari dagokionez, lehen gazte gehiago zeuden Laudion, eta horrek aukera ematen zigun hockeyan jokatzen jende gehiago egoteko. Bi talde izatera heldu ginen. Iritsi ginen emakumeen bi talde izatera eta biak Espainiako Txapelketa batera sartzea beste sei talderekin. Arabatarrarekin bi aldiz irabazi da txapelketa hori eta beste bi Ganbegirekin.
Diziplina handia egon da, areto hockeyarekin batez ere. Orain pena apur bat ematen dit, kostatzen zaigulako gazteak erakartzea. Kirol gehiagotan gertatzen dela esango nuke, futbolean salbu. Egiten ditugu ahaleginak eta izan dezakegu 12-15 umeko talde bat. Hockeyan aritu diren guraso askok diote euren umeek futbolean jokatu nahi dutela, kuadrilla bertan dutelako.

Eta zuri zerk motibatzen zaitu hemen jarraitzera?
Niretzako droga bat da, ez dakit hau gabe bizitzen. Hector (Borge) ez datorrenean ni aritzen naiz entrenatzaile lanetan, eta baita kudeaketan ere: diruzaintza, bilerak Euskal Federazioan… hori guztia egiten jarraitzen dut. Erabat barneratuta daukat, nire bizitzaren parte da.
Tira, ikusten dut gauza asko galdu ditudala bizitzan hockeyan jokatzen jarraitzeagatik. Kuadrillako jendea bazkari edo afarietara zihoan eta nik nire burua zaindu behar nuen, ezin nintzen joan, partidua nuelako hurrengo egunean. Gauza horietako batzuetan bai nabaritu dudala mugatuta nire burua, baina ez dut faltan botatzen. Uste dut ona dela dudan gogobetetzea.
Orain diote ez dudala tokirik hockeyan. Esaten didate: “Ea noiz ematen dizuten diamantezko domina eta erretiratzen zaren behingoz!”. Niri gorputzak erretiratuko nau. Ordura arte, jokatzen jarraituko dut. Noski, ezin dut 20 urteko gazte batek bezainbeste korrika egin, baina duela bost urte arte ez ninduten ezta atzean uzten e! Badut nerbioa oraindik! Esaten didate suabe jokatzeko. Hori nola egiten da? Ez dakit. Ni dena ematera noa zelaira.