Nondik datorkizu kazetaritzarekiko zaletasuna?
15-16 urte nituenean hasi nintzen biñetak argitaratzen. Herriko egunkarietan artikuluak eta komiki-tirak ere egiten nituen. Asko idatzi eta argitaratu dut. Bilbon ikasten nuen, Iturrin jokatzen nuen futbolean eta biñetak marrazten nituen Hierro egunkarian, eta 200 pezeta ordaintzen zizkidaten irudiko. Txisteak eta denborapasak ere egiten nituen, zineklub batean aritu nintzen presidente, hainbat urtez izan nintzen Proel egunkariko zuzendari… Aiaraldearen moduko komunikabidea zen hori, baina Castron.
Tokiko kazetaritzan aritu zara, beraz. Zer eskaini dezakete horrelako komunikabideek hedabide jeneralistagoen aurrean?
Uste dut tokiko hedabideak jeneralistak baino garrantzitsuagoak direla, tokiko kezkak urratsez urrats eta unean une jarraitzen dituztelako, besteak iristen ez diren bitartean. Jendeak irakurri egiten ditu horrelako argitalpenak. Jeneralistetan noizbait ateratzen da albisteren bat, baina herri mailan uneoro dagoena Aiaraldea da kasu honetan.
"Uste dut tokiko hedabideak jeneralistak baino garrantzitsuagoak direla, tokiko kezkak urratsez urrats eta unean une jarraitzen dituztelako, besteak iristen ez diren bitartean"
Aiaraldea Komunikabidean boluntario gisa aritzen zara. Azaldu ahal diguzu zer egiten duzun? Zerk motibatzen zaitu horretara?
Adin bat dudanez jada eta mundu bat atzetik, ia ia ni izan beharko litzateke eskerrak eman beharko lituzkeenak lan hau egiten uzten zaidalako. Txikitan egiten nuena egiten jarraitzen dut, nire kezka eta grinekin, eta ekarpena egiten dut, beste batzuk iristen ez diren toki horietara iritsiz. Artziniegara banoa, adibidez, bertako margo lehiaketako argazkiak egitea proposatzen didazue, Orozkon banago Olentzeroren kalejiran… nire adina kontuan izanda, jaten ematen ari didazue nire kolaborazioa onartuz, bizitzen jarraitzeko motibazioa ematen dit.
Elkarrizketa hau gazteleraz egiten ari gara. Ez dakizu euskaraz, baina horrek ez dizu ekidin Aiaraldea Komunikabideko edukiak jarraitzea.
Nik ahalegina egiten dut idatzita dagoena ulertzeko. Gaur egun inork ezin du esan ez dakiela zer jartzen duen euskaraz dagoen orri batean. Badaude itzultzaileak, edo azaldu ahal dizun norbaitek…eta, nahigabe, hitza eta esaldiak ikasten zoaz bidean. Zerbaitez hitz egiten ari direnean, gaia harrapatzen duzu eta elkarrizketa jarraitu dezakezu. Nik beti diot bi gehi bi lau dela. Niretzako euskara ez da arazoa.
"Gaur egun inork ezin du esan ez dakiela zer jartzen duen euskaraz dagoen orri batean. Badaude itzultzaileak, edo azaldu ahal dizun norbaitek…eta, nahigabe, hitza eta esaldiak ikasten zoaz bidean"
Aurrekoan Josu Urrutikoetxearen liburuaren aurkezpenean egon nintzen. Itzultzaile bat nuen eta aurikularrarekin banindoan hitzaldia jarraitzen.
Gauza asko ditut esku artean: hitzaldi bat alde batetik, aurkezpen bat bestetik, bihar bazkaria dut familiarekin Castron… ezin nahiz geldirik egon euskara ikasteko, baserri batera joan beharko nintzateke zentratzeko, gauza gehiegi ditut buruan. Baina errepikatzen dut: euskara ez da oztopoa niretzat.
