Noiz iritsi zinen Laudiora bizitzera?
2016ko irailaren 16an iritsi nintzen. Bisitan etorri nintzen hiru hilabeterako, gustatu zitzaidan eta geratu nintzen.
Zerk erakarri zintuen?
Dena. Ezagutzen nuen hemengo jendea, Kuban egona zena oporretan nire etxean. Laudioko jende asko ezagutzen nuen dagoeneko.
Nolatan joan ziren zure etxera oporretan? Nola garatu zen harreman hori Laudiorekin?
Nire arreba Laudioko baten bikotea zelako, eta lagunekin joaten zen bisitan.
Kostatu zitzaizun Laudion geratzeko erabakia hartzea?
Ez. Ikastaro batzuk egin nituen eta lanean hasi ahal izan nintzen orduan.
Taberna bat kudeatzen duzu Laudion. Kuban ere ofizio bera zeneukan?
Kuban magia ikuskizunak egiten nituen.
Magoa zinen?
Bai. Telebista-saio bat egiten nuen nire herrian. Hori izan da nire lana betidanik.
Eta nolatan?
Nire aita ere magoa zelako.
Belaunaldi batetik bestera igaro da ofizioa, beraz.
Hamar urterekin hasi nintzen, eta 16 urterekin ekin nion modu profesionalean jarduteari.
Nondik aritzen zinen?
Kabaretetan, antzokietan, diskoteketan, jatetxeetan…
Zure aitak irakatsi zizkizun trikimailuak?
Ez, nire aitak ez zidan inoiz irakatsi nahi izan. Esaten zuen errazegia zela berak erakustea. Bizitza bilatu behar izan nuen bere lagunekin eta nire kabuz ikasten. Sukaldaritza ere ikasi nuen, nire pasio handia baita.
Nolakoa da mago baten bizitza Kuban?
Gustuko izan behar duzu, apur bat gogorra delako. Oso bizitza gautarra da. Gaueko hamaiketan atera ahal nintzen lanetik eta goizeko seietan itzultzen nintzen etxera, toki batetik bestera mugitu behar nintzelako. Batzuetan lau toki ezberdinetan aritzen nintzen gau berean.
"Gaueko hamaiketan atera ahal nintzen lanetik eta goizeko seietan itzultzen nintzen etxera, toki batetik bestera mugitu behar nintzelako. Batzuetan lau toki ezberdinetan aritzen nintzen gau berean"
Desordutan lan egitearena ez duzu asko konpondu hemen taberna bat irekita…
Ez (barreak). Gustatzen zait jendearekin lan egitea. Magia egitean ere jendearekin harremanetan egon behar zara. Ez dut nire burua bulego batean bakarrik lan egiten ikusten.
Nik ez nekien barran zerbitzatzen. Ikasten joan nintzen eta gustuko dut. Gustura nator lanera.
Eta hemen aritu zara noizbait mago moduan?
Batzuetan nire etxean praktikatzen dut apur bat, baina ez dut denbora askorik (barreak). Lagunekin bazkariren batean egin izan dut zeozer. Agian noizbait izan dezaket espazio gehiagoko taberna bat zeinetan nire show-a prestatu eta barrako zerbitzuarekin konbinatu.
Asko aldatu da zure bizitza Kuban bizi zinenetik hona?
Gogorragoa da tabernako lana, logikoki. Eta familia ere urrun daukat.
Zer ezberdintasun daude Kubako taberna giroaren eta hemengoaren artean?
Pertsonen aldetik ez dut ezberdintasunik nabarmendu sozializatzeari begira. Kulturari dagokionez badaude ezberdintasunak. Kuban gaueko giroa problematikoagoa da, badago borroken kultura bat hemen ezberdina dena. Horri dagokionez hemen erosoago eta lasaiago sentitzen naiz, bai.