Global Sumud Konboia blokeatuta dago Libian, eta egoeragatik kezka adierazi du Laudioko Udalak

Maider Ramirez Martin 2026ko maiatzaren 20a

Elkartasun mezuak idatzi dituzte Gazara eraman nahi dituzten etxe mugikorretan. / Maghreb Sumud Organisation

Konboia osatzen duten 200 pertsona baino gehiagoren artean dago Haizea Urkixo gazte laudioarra. Erakundeei presioa egiteko eta mobilizatzen jarraitzeko deia egin dute ekintzaileek.

Gazara bidean doan Global Sumud Konboi humanitarioa hiru egun darama Libian geldirik, “pasabide seguruaren bermeak hautsi” baitira. Maiatzaren 17an heldu ziren ekimenean parte hartzen ari diren 25 herrialdeetako 200 lagun inguru Sirteko bidegurutzera, hau da, Libiako mendebaldearen eta ekialdearen artean kokatutako eremu printzpioz neutralera. Ekimenaren antolakuntzak azaldu du lurralde hori segurutzat hartu beharko balitzateke ere, “indar militar oso bat bidegurutzean zain” dagoela gaur egun, “Ilargi Erdi Gorriarekin negoziazioak geldirik dauden bitartean konboiaren eta Libiako agintarien arteko bitartekaritza lanean”.

Gazan dagoen blokeoarekin amaitzea xede, laguntza humanitarioa daramatzaten 50 kamioi, 20 autokarabana eta 10 anbulantzia Rafahra heltzea da konboiaren asmoa. Dena den, une honetan, ez dago aurrera egiteko baldintza egokirik. Antolatzaileek salatu dute egoera nazioarteko zuzenbide humanitarioaren urraketa dela, Genevako Laugarren Konbentzioak laguntza humanitarioaren igarobide librea bermatzera behartzen baititu alde guztiak.

Laudioko Udalaren kezka

Testuinguru horretan, Laudioko Udalak bere kezka agertu du, aintzat hartuta konboian Haizea Urkixo Gorostiaga herritarra ere ari dela parte hartzen: “Oso kezkatuta gaude Haizearen eta konboian dauden gainerako pertsonen egoerarekin. Laguntza humanitarioa eramateko misio batean ari dira, eta ezinbestekoa da nazioarteko erakundeek eta gobernuek haien segurtasuna bermatzeko neurriak hartzea”, adierazi du Ainize Gastaka alkateak.

Gauzak hala, Laudioko Udalak Espainiako Gobernuari eskatu dio Arabako ordezkaritzaren bidez esku har dezala, eta nazioarteko komunitateari premiazko neurriak har ditzala “laguntza humanitarioaren iritsiera eta bertan dauden pertsonen segurtasuna bermatzeko”.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide