Ohiko eskemaren eta zenbait berrikuntzekin ospatuko dute Txakolin Eguna ekainaren 7an

Txabi Alvarado Bañares 2026ko maiatzaren 21a

Prentsaurrekoa egin dute aurtengo edizioa aurkezteko. / Aiaraldea.eus

Alberto Molinero sukaldaria eta Jorge Rodríguez sommelierra izango dira enbaxadoreak eta Sara Frailek egin du kartela. Errekada taldeak eta Oxabi erromeriak girotuko dute arratsaldea. 

Tik tak… geroz eta gutxiago falta da Amurrioko urteko zita esanguratsuenetako baterako, Txakolin Egunerako alegia. Egin berri dute aurtengo edizioaren xehetasunak aurkezteko prentsaurrekoa. Ekainaren 7an izango da zita, eta ohiko eskema mantenduko du, nobedade txiki batzuk egongo diren arren. 

11:30ean hasiko da egitaraua, Udaletxean egingo den ekitaldi instituzionalarekin. Aurtengo enbaxadoreak izendatuko dituzte bertan. Aurreratu dutenez, Alberto Molinero sukaldariak eta Jorge Rodriguez sommelierrak jasoko dute aurten aitortza hori. Biak ala biak dira La Roca jatetxe kateko kideak, lehena Michelin izarra dauka eta bigarrena Euskadiko Sommelier Onena izendatu zuten 2024an eta 2025ean. “Bi profesionalek gertuko produktuarekin duten konpromisoa eta Arabako txakolinaren hedapenean egiten duten ekarpena” goraipatu ditu Udalak. 

12:00etan izango da txupinazoa, eta jarraian abiatuko da jarduera maratoia. Ohikoan bezala, bi gune egongo dira. Ekoizleen eta artisauen 30 postu egongo dira Guk pasealekuan, eta txakolindegien postuan zein gastronomía eskaintza egongo dira parkean. Nabarmendu dutenez, berrikuntza batzuk egongo dira eskaintza horretan. 

Oholtza ere egongo da bertan, eta bertan joko dute eguna girotzeaz arduratuko diren bi taldeak: Errekada hardcore laukote amurrioarra lehenbizi eta Oxabi erromeria gero, giroa arratsaldeko zortziak arte luzatuz. 
Aurreko urteetan bezala, tiket bidez eskuratu ahalko dira mokaduak eta txakolin tragoak parkean. Txakolidealava.eus webgunean eta Amurrioko turismo bulegoan eskuratu ahalko dira aurretik, bezperako gauera arte, eta egunean bertan ere lortu ahalko dira fisikoki, parkeko sarreran egongo den postuan. Zehaztu dutenez, prezioa 2 eurokoa izango da txartel bakoitzeko, eta “promozio-packak” erosteko aukera egongo da.

441.696 kilo mahats jaso zituzten iaz, aurreko urtean baino %22 gehiago, eta 270.000 botila inguru ekoiztu dituzte.

Sara Fraile diseinatzaile amurrioarra arduratu da aurtengo kartela egiteaz, eta zapiak ere aterako dituzte iruditegi berarekin, tiketekin batera oparitzeko. 

270.000 botila

Festatik harago, iazko mahats-bilketaren datuak ere eman dituzte Arabako Txakolina Jatorrizko Izendapeneko kideek. Zehaztu dutenez, 441.696 kilo mahats jaso zituzten iaz, aurreko urtean baino %22 gehiago, eta 270.000 botila inguru ekoiztu dituzte. Nabarmendu dutenez, ekoizpenaren %30 nazioartera joango da, Estatu Batuetara, Finlandiara, Mexikora, Japoniara, Kanadara, Erresuma Batura edota Alemaniara.

Aiaraldeko zazpi upategik osatzen dute gaur egun Jatorrizko Izendapena. 38 langile dituzte, eta 100 hektarea inguru kudeatzen dituzte. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide