Omnia talde independenteak oharra zabaldu du, bere ustez, udal gobernu taldeak ez duelako bete iazko aurrekontuetan adostutakoa. Izan ere, alderdiak 26 proiektu zehatzerako akordioa lortu zuen EH Bildurekin eta ez daude batere ados Haurreskolan jarri duten karparekin.
30.000 euro bideratzea aurreikusi zuten egitasmo horretara. Hala ere, Omniak aldarrikatu duenez, "hasieran hitzartutako egonkortasun eta iraunkortasun estandarrekin" ez du bat egiten azpiegitura horrek.
Talde independearen iritzia honako hau da: "Egungo gobernu-taldeak aldi baterako irtenbide bat aukeratu du, ikasturte amaieran kendu eta urrian berriro instalatu beharko dena, aurrekontuan jasotako egitura iraunkorra gauzatu beharrean. Kudeaketa horrek eraginkortasun falta eta Haurreskolako ikasleek merezi duten ongizatearekiko konpromisorik eza dakar. Jolastokiaren egituraren barruan geratzen diren karpen instalazioak arriskua ekar dezake, karpa horiek txikiek erraz jotzeko moduko lauzekin finkatzen baitira".