Nortzuk zarete eta nola bukatu duzue Laudion kale hezitzaile lanetan?
Jaime: Ni Jaime naiz, Zallan bizi naiz eta Gizarte Hezkuntza ikasi nuen. Ikasketak bukatu bezain laster lanean hasi nintzen. Hasieran, gizarte hezitzaile mutil ia guztei bezala, adingabekoen zentro batean lan egiteko deitu zidaten. Hezkuntza eredu hori ez zitzaidala gustatzen konturatu nintzen, eta lana utzi nuen. Momentu horretan Laudion lan egiteko aukera atera zitzaidan, kale hezitzaile jardunean. Ez neukan zeregin honetan eskarmenturik baina bai ezagutzen nuen zer nolako lana egiten zuten. Adibidez, Hortalezako Julio Rubiok idatzitako Decimocuarto asalto liburuaren erreferentzia neukan. Laudion hasieran ni bakarrik nengoen, ondoren batu zen Jone, eta askoz hobeto gaude orain.
Jone: Aipagarria da Jaime eta biok batera ikasi genuela, aurretik ezagutzen genuela elkar. Orokorrean lan aukera nahiko dagoen esparrua da gurea. Ni hasiera baten gazte migratzaileekin lanean hasi nintzen, Bilbo inguruan kale gorrian bizi direnekin. Asko gustatzen zitzaidan lana zen, baina, egia da gogorra dela. Orduan geldialdi bat egin nuen, hurrengo pausuak pentsatzeko, eta erabaki nuen zerbait komunitarioagoa egin nahi nuela, herri edo auzoekin lotura estuagoa zeukana. Aukera hau atera zitzaidan eta baiezkoa eman nuen.
“Lan egiteko forma honek instituzioaren logikarekin apurtzen du askotan”
Zertan datza zuen lana?
Jone: Lehenik eta behin esan behar da normala dela kale hezitzaileak zer diren ez jakitea. Jende askok ez daki zer egiten dugun, eta guretzako ere askotan ez da erraza azaltzea. Ez da oso orokortuta dagoen figura bat eta, gainera, toki bakoitzean modu ezberdinean lantzen da, ez soilik gazteei zuzendutako programen bidez. Adibidez, Gasteizen oso landuta dagoen figura da, auzoetan errotuta dagoena, Gizarte Zerbitzuen barnean kokatuta. Azken finean, gizarte hezkuntzatik kalean komunitatearekin esku-hartzean datza, gure kasuan, gazteekin zehazki.
Jaime: Hori da. Laudion, adibidez, zehaztu digute lan egiteko kolektiboaren adina, edo behintzat badago gazteei zuzenduta. Hori nire kasuan arraroa izan zen hasieran. Nik figura beste modu batean ulertzen nuen, komunitate guztiarekin lan egiteko, baina hemen soilik gazteekin egiten da. Laudion kale heziketa programa pertsona gazteei bideratuta dago, adin txikiko nahiz adinez nagusikoak izanda ere. Udal bakoitzean arlo ezberdinetatik atera daiteke zerbitzua, eta Laudioko kasuan prebentzio arloko zerbitzua da.
Kale hezitzaileok kalean egiten dugu lan, baina ez dugu ulertzen kalea bakarrik lan egiteko esparrua bezala, heziketa espazio bat bezala ulertzen dugu. Eskoletan, etxean edo kirolean heziketa prozesuak gertatzen badira, zergatik ez kalean? Kaleak bizipen, harreman eta esperientzia asko barnebiltzen ditu. Horregatik, gure apustua bertan dagoen jendearekin lan egitea da. Zubi lana egitea da askotan, kalean ezagutzen ditugun gazte horiei prozesuak erraztuz.
Nola egiten duzue lan hori?
Jone: Kale heziketa programatik planteatzen dena da gazteekin lotura egitea kalean, gero landu ahal izateko prebentzioaren esparruko helburu asko. Adibidez, aisialdi osasuntsuago bat izatea, aisialdirako aukerak izatea, presentzia hezitzaile bat egotea eta arazorik edo beharrizanik sortuz gero erreferentziazko figura bat eskura izatea.
Jaime: Kale hezitzaile figurak denbora nahikotxo darama Laudion, baina profesional aldaketa asko eta momentu ezberdinak egon dira. Gure aurretik beste hainbat hezitzaile egon izan dira, aldaketa asko tartean, horrek gazteengan duen eragin negatiboarekin.

Gazteengana besterik gabe hurbiltzea arrotza suertatu daiteke eurentzat. Zuei ere arrotza egiten zaizue?
Jaime: Astean 4 edo 3 egunetan ibiltzen gara kalean, gehien bat arratsaldeetan.
Jone: Kalean gabiltzanean orokorrean bi aukera daude. Alde batetik, buelta bat ematea herritik, gune ezberdinak identifikatzeko. Bestetik, behin zonaldea apur bat ezagututa, parkera etorri ohi gara, adibidez, badakigulako hemen gazteak daudela.
Eta hemen egonda, bi kasuistika egon daitezke: ezagutzen dugun talde edo gazteengana hurbiltzea modu naturalean, galdetzeko nola doan bizitza eta hortik tiraka hitz egitea.
Beste aukera bat da, inoiz hurbildu ez garen kuadrila batekin topo egitea. Lehen kontaktu hori bada arrotza, bai haientzat eta bai guretzat. Badaude, lehenengo aldiko nerbioak, ia nola hartzen gaituzten. Nahi badute, beti esaten dugu ia tartetxo bat hartu ahal diegun gauza bat azaltzeko. Gure burua aurkezten diegu eta azaltzen diegu kale hezitzaileak garela eta zer egiten dugun oso era informalean, eta saiatzen haien kodigoetara moldatzen. Azkenean, ezin zara joan instituzio bezala, laguntza eskaini ahal duen figura bat bezala hurbiltzen gara.
“Badaude gazte asko oso bakarrik daudenak, inkluso laguntza eskatzen dutenak lagunak egiteko. Bakardade egoeran daude, herrian bakarrik sentitzen dira”
Zuen esperientziatik abiatuta, zein da Laudioko gazteen errealitatea? Zeintzuk dira euren beharrizanak? Zerekin egin duzue topo?
Jone: Alde batetik, badaude gazte asko oso bakarrik daudenak, inkluso laguntza eskatzen dutenak lagunak egiteko. Bakardade egoeran daude, herrian bakarrik sentitzen dira. Horretan ere sare berriak egiten saiatzen gara, herri barnean gune erosoagoak sortzen. Eta, beste alde batetik, jendeak problematiko bezala ikusten dituenak daude; nolabait esateko, sistematik edo ondo dagoen horretatik kanpo geratzen direnak, gauza bategatik edo besteagatik.
Kuadrilletan parte hartzen duten gazteak, orokorrean nahiko normalizatuak dira. Kontua da Laudio oso handia dela, are gehiago eskualde izaera hartzen badugu kontuan. Kalean aurkitzen dituzu beste alternatiba bat ez daukaten gazteak. Adibidez, Malekoiko tabernetan zerbait hartzen egotea aukera bat da dirua badaukazu, baina kalean, parkean, Ugarten… ere daude gazteak. Igual adin bera daukate baina beharbada ez dituzte aukera berdinak izan aisialdia izateko.
Jaime: Beharrak dituzten gazte asko daude herrian, eta horiekin lan egiten dugu. Gazteek daukaten testuinguruagatik askotan zaila da lanean hastea. Baina, hala ere, errespetu handiko gazteak eta oso autonomoak aurkitu ditut. Aisialdi eskaintza ezaren aurrean ahal duten bezala antolatzen dira haiek dituzten tresnekin, eta elkarri babesten diote.
Jone: Niri atentzioa eman dit, kalean aurkitzen ditugun gazte gehienak askotan mutilezkoak izaten direla. Mutil gehiago daude kalean eta gehienetan neskak badaude, mutilak eta neskak bakoitza bere aldetik. Ez da ohikoena genero ezberdineko gazteak nahastuta egotea.
Jaime: Bakarrik dauden gazteetako asko dira emakumeak. Pertsona horiekin ere lan egiteko gaude eta egiten dugu.
Jone: Horiek dira gazteek gehien errepikatzen dituzten beharrak: egoteko lekuak, estaliak, eta aisialdirako alternatibak. Dauden lekuak ez daude haien beharretara egokituta. Erantzun bat izan daiteke Gaztelekua dagoela, baina Gaztelekua 10-16 urterako tartea sartzen da. 10 urteko gazteak badoaz 15-16 urteko gazteak ez dira joango.
Jaime: Jaietan, adibidez, ekintzak kuadrillek antolatzen dituzte, baina kuadrilla horien baitan ez daude Laudioko gazte guztiak, parte bat bakarrik. Hortik kanpo jende pila bat geratzen da. Profil aniztasuna galtzen da, eta nahiz eta Laudiokoa izan ez zara heltzen Laudioko gazte guztiengana. Hemen jaietan oso agerikoa egiten zait hori, Laudion bizi den jende migrante guztia kontuan hartuta, kuadrilletan ez zela gazte migrante bat ere ez ikusten, gero kaletik guk bai ikusten ditugun arren.
“Malekoiko tabernetan zerbait hartzen egotea aukera bat da dirua badaukazu, baina kalean, parkean, Ugarten… ere daude gazteak”
Kale hezitzaileak aukera ematen du instituzioak iritsi ezin diren toki horietara heltzeko baina, era berean, bazarete instituzio baten ordezkariak. Zaila da oreka hori mantentzea?
Jone: Zaila da, izan behar dituzu bi alde horiek. Gazteei heltzeko haien kaleko moldeetara egokitzen gara eta azkenean gureak egiten ditugu. Era informalagoan lan egitea ateratzen zaigu. Baina, era berean, kasu honetan, Udalaren programa baten parte gara, helburu batekin eta konpromiso batekin. Udaletik ateratzen den programa da baina, aldi berean, kalearekin oreka hori mantendu behar dugu, kalean antzemateko figura hurbil bat bezala, gazte baten begiradatik ikusita instituzioak askotan inkluso etsai bezala ikusi ahal direlako, edo zure kontra egin dezakeen zerbait bezala.
Oreka hori asko landu behar dugu gure aldetik. Gure egiteko era informalera egokitzea esku-hartzeak, eta ez horren beste Udalaren edo Gizarte Zerbitzuen betiko eratara. Gazteekin konfidantzazko harremana egiteko konfidentzialtasuna bermatu behar dugu beti.
Lan egiteko forma honek instituzioaren logikarekin apurtzen du askotan. Informalaren eta instituzioaren oreka hori momentu askotan ematen da, eta kontraesan asko eragiten ditu horrek egunero, bai.