Esekitoki automatikoa aurkeztu dute Laudioko Bizilabeko gazteek Asturiasko Zientziaren eta Berrikuntzaren IV. Azokan

Maider Ramirez Martin 2026ko maiatzaren 25a

Jon, Aimar, Eliana eta Haimar Asturiasko Zientziaren eta Berrikuntzaren Azokan.

Elhuyar Zientzia Azokan sarituak izan ziren laudioarrak iaz proiektu horrengatik eta Asturiasko feriaz gozatu ahal izan dute horri esker. Bizilabe aisialdi-programan ikasturtean zehar garatutako proiektuak aurkeztuko dituzte asteazkenean Kasinoan.

Arropa euritik babesteko sistema automatiko bat garatu zuten iaz Jon Bengoa, Aimar Cid, Haimar Fernandez eta Eliana Valentina Bui laudioarrek. Elhuyarrek gazteen artean zientzia sustatzeko hainbat udalerritan martxan duen Bizilabe aisialdi-programako parte hartzaileak dira laurak eta haien proiektuak bigarren saria eskuratu zuen iaz fundazioak Bilbon egiten duen Zientzia Azokan.

Jasotako errekonozimendua asteburu honetan gorpuztu da, Asturiasko Zientziaren eta Berrikuntzaren IV. Azokan jarri baitute standa. Ikerlari, enpresa, ikasle eta irakasle ugariren proiektuak ezagutzeko aukera izan dute eta haiena ere erakutsi eta azaldu diete bisitariei. 

Arropa euritik babesteko sistema automatikoa garatu dute Jonek, Aimarrek, Elianak eta Haimarrek.

Esekitoki automatikoa

Arropa euritik babesteko sistema automatikoa garatu dute Jonek, Aimarrek, Elianak eta Haimarrek. Horretarako, bi solairuko etxe baten maketa egin dute, eta balkoi bakoitzean esekitoki automatiko bat jarri dute.

Euri-sentsore bat eta servo motoreak erabiliz, sistema automatikoa programatu dute. Horrek, euria antzematean, arropa barrura sartu edo aterpe bat ateratzen du automatikoki. Atertzean, sistema berriz ere hasierako tokian jartzen da

Bizilabe Eguna Laudion

Herrian ere egongo da Bizilabeko gazteek egindako proiektuak ezagutzeko aukera. Maiatzaren 27an, 17:00etatik 18:15era ospatuko dute Bizilabe Eguna Lamuza parkeko Kasinoan, eta sarrera librea eta doakoa izango da. Ikasturtean zehar garatutako lanak erakutsiko dituzte gazteek eta aisialdi-programari buruzko informazioa jasotzeko aukera egongo da.

Izan ere, zabalik dago jada 2026-2027 ikasturtean Bizilaben izena emateko epea: ekainaren 20ra arte egongo da aukera eta beste epealdi bat irekiko dute ekainaren 21etik irailaren 12ra. Laudion erroldatuta dauden edo herriko ikastetxeren batean ikasten duten 10-14 urte bitarteko gazteei bideratuta dago ekintza.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide