Apurka-apurka baina gelditu gabe. Hori izan da Lyrikanen dinamika azken urteetan. Tantaka joan da kantuak plazaratzen, bakoitza bere bideoarekin. Zortzi kantu plazaratu ditu azken urtean, duela bi aste azkena, eta erritmo berarekin jarraituko du bere Youtubeko kanala elikatzen.
Izan ere, “zoriontsu” aritzen da musikari laudioarra grabaketa estudioan. “Entrenamendu baten modukoa” dela dio, geroz eta gehiago egin orduan eta sasoiagoan dagoela nabaritzen duelako.
Baina ohiko jardueratik ateratzea aurreikusi du Lyrikanek aurten, bere ekoizle finkoa den dHastHBeats bidelagun duela. Bost kantuko EP bat prestatzen ari da, 15 minutu inguru iraungo duena, eta aurreratu du “oso pertsonala” izango dela. “Etapa arraro” batetik pasa dela dio musikariak, eta horrek bultzatu du bere barnera begiratzera.
Dena dela, urte amaierara arte itxarongo du lan hori aurkezteko, udan kantu alaiagoak plazaratzeko asmoa baitu.