Azoka solidarioak egin ditu maiatzean La Milagrosa ikastetxeak, eta Palestinara eta Paraguaira bidaltzeko 2.179 euro bildu ditu osotara. Zehazki, 400 xaboi eta 3Dn egindako giltzatako ugari saldu zituzten hilaren 13an eta 15ean, eta 350 bokata tarteko egunean.
Xaboi eta giltzatakoen salmentarekin, Karitateko alabek Gazan garatutako Simplemente cuidando (Besterik gabe, zaintzen) kanpainari egingo diote ekarpena, Gabonetan ere egin zuten bezala.
Hizkuntzen eta zientzia-teknologiaren saila barne hartzen duen diziplinarteko proiektu baten barruan antolatzen dituzte mota honetako azokak ikastetxean. Ikasleek hainbat lan egin behar izaten dituzte jarduera osoa aurrera eramateko: produktuaren diseinua, publizitatea, aurrekontuak eta balantzeak, besteak beste.
Bestalde, 350 ogitartekoei esker bildutakoa Paraguaiko General José María Bruguez komunitateetako biztanleen bizi-kalitatea hobetzeko erabiliko da. Zehazki, bizi-egoera osasungarria bermatzeko bidean, kalitatezko komunak instalatzea da proiektuaren asmoa.