Garnica taldeak azken eskaintza ultimatum gisa aurkeztu die Maderas de Llodioko grebalariei. Atzo egin zuten bilera Arabako Foru Aldundiko jauregian erakunde foraleko, Eusko Jaurlaritzako, multinazionaleko eta Maderas de Llodioko langileen ordezkariek eta konpainiak "azken eskaintza" egin zien beharginei.
Halaber, ekainaren 5era arte eman diete epea erabakitzeko onartuko duten edo ez.
Sindikatuak atalka bilduko dira afiliatuekin eta ostean langileen batzarra deituko dute. Horren arabera erabakiko dute zer egin.
Gogoratu beharra dago bihar 250 egunera helduko dela Maderas de Llodioko greba eta ekitaldia egingo dutela 18:30ean piketean, musika eta parrilladarekin.
Erakunde publikoen bitartekaritzarekin haserre
Langileek azaldu dutenez, sindikatuen ordezkariak oso haserre atera ziren bileratik Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Jaurlaritzak izandako jarrera eta rolarekin. Izan ere, beharginen ordezkarien aburuz, ez dute benetako bitartekaritzarik egin konponbidea ahalbidetzeko.