Presa, urduritasuna, jendea etengabe hara eta hona. Doazenak eta datozenak. Horrelakoxea izaten da aireportuen atmosfera. Gaua sartu ahala, baretzen da giroa, jaisten dira dezibelioak, moteltzen dira joan-etorriak. Bart, ordea, Loiuko aireportuan, bazen mugimendurik.
Helduerak Arrivals Llegadas dioen atea zeharkatzen zuten azken bidaiariek, nekea eta harridura aurpegian. Barandaren bestaldean dozenaka pertsona zain, Palestinako banderak eskuan, kufiyak soinean eta askatasunaren aldeko aldarriak airera. Halako batean zeharkatu zuen atea Haizea Urkixo Gorostiagak, Libiatik Gazara laguntza humanitarioa eramatera zihoan Sumud Lurreko Konboian parte hartu eta gero.
Sumud Lurreko Konboia
200 pertsona baino gehiagok parte hartu dute Konboian, Rafahko mugara elikagaiak, botikak eta etxe aurrefabrikatuak helaraztea helburu.
Hilaren hasieran abiatu zen karabana solidarioa Mauritania eta Aljeriatik, Magrebeko boluntarioen ekimenez eta Global Sumud erakundearekin koordinatuta. Tripolitik aurrera munduko 28 herrialdeetako 200 lagun baino gehiago batu zitzaizkien, osasun langileak, ingeniariak eta giza eskubideen aholkulariak tartean, Rafahko mugara elikagaiak, botikak eta etxe aurrefabrikatuak helaraztea helburu.
Libiako herrialdea bitan banatzen duen mugara iristear zeudela eten behar izan zuten bidea. Handia zen presentzia militarra eta uko egin zion ejerzitoak Konboiari aurrera egiteko segurtasun bermeak eskaintzeari. Kontrara, laguntza humanitarioa Libiako Ilargi Gorriaren Elkarteari transferitzeko agindua eman zitzaion Konboiari, eta jakinarazi zitzaien soilik herritar libiarrek eraman ahal izango zutela laguntza Sallumeko mugara arte. Egiptoko agintariei egotzi zizkieten aginduok.
Hamar kideak askatu arte kanpalekua utziko ez zuela adierazi zuen Konboiak, baina astelehen gauean ezezagunek eraso egin zieten eta hainbat pertsona zauritu zituzten.
Zazpi egunez kanpatu zuten karabanako kideek desmilitarizatutako eremu batean eta bermeak lortzen saiatzeko negoziaketa saiakera ugari egin ondoren aurrera egitea erabaki zuten. Maiatzaren 24ko 15:00ak aldera ekin zioten bideari. Poloniako, Estatu Batuetako, Espainiako estatuko, Argentinako, Uruguaiko, Portugalgo, Tunisiako eta Italiako hamar lagunek egin zuten aurrera, pasaporte eta bisa eguneratuekin, anbulantzia eta turismo banatan. Handik eta minutu batzuetara galdu zuten komunikazioa; Libiako ekialdeko ejerzitoak bahitu zituen. Gaur gaurkoz ez da haien egoeraren berri.
Hamar kideak askatu arte kanpalekua utziko ez zuela adierazi zuen Konboiak, baina astelehen gauean ezezagunek eraso egin zieten eta hainbat pertsona zauritu zituzten. Tripolira erretiratu behar izan ziren orduan.
Itzulera gazi-gozoa
Emozio askoko asteen ostean, gaueko hamabiak jotzear zirela lurreratu zen Haizea Urkixo Euskal Herrira. Ohi baino polizia gehiagorik ez oraingoan Loiun. Goxo hartu zuten etxean.
Familia eta lagunak besarkatu ostean, hartu zuen hitza. Orain arteko gertakariak aletu eta bahituak berehala askatzea exijitu zuen, bai eta Europako agintariei erantzukizuna beren gain hartzea ere: “Oraindik ez dakigu ezer Sirten bahitutako hamar pertsonei buruz eta hemendik Europari eskatzen diogu lehenbailehen etxera itzuli daitezen. Alicia, Laura, Jenell, Paula, Lucas, Matias, Ana Margarida, Ashraf, Domenico eta Dina berehala aske utzi behar dituzte. Palestinar herriaren askatasuna, bizitza eta existitzeko eskubidea defendatzeko mobilizatzen direnen aurkako kriminalizazioa salatzen dugu”.
"Ezin da Palestinaren egoera salatu eta beren gorputzak zuzenean kausa palestinarraren zerbitzura jartzen dituzten pertsona solidarioak jipoitu"
Konboiak momentuz bidaia eten duen arren, materiala berreskuratu eta bide berriak bilatzen ari dira, Gazako egoera larria baita oraindik. “Bonbardaketek, suntsipenek eta herri palestinarraren aurkako sarraskiek jarraitzen dute. 10.000 preso palestinar baino gehiagok kartzelan jarraitzen dute, horien artean 350 adingabe inguru. Egunero pertsonak hiltzen jarraitzen du Israelek, zigorgabetasun osoz. Errealitatea geroz eta jasangaitzagoa da Palestinan, Israelek, berriz, ez ditu erasoak arintzen”, salatu zuen laudioarrak aireportura bertaratutako dozenaka pertsonen aurrean.
Horien artean zituen Flotillako kideak, lehenbiziko misioetan egondakoak zein azkenengo honen partaideak. Haien aurrean, iragan larunbateko gertakariak salatzeko eta erakundeei erantzukizunak eskatzeko tartea ere baliatu zuen: “Ezin da genozidioa gaitzetsi eta egiten duenarekin negozioak egiten jarraitu. Ezin da Palestinaren egoera salatu eta beren gorputzak zuzenean kausa palestinarraren zerbitzura jartzen dituzten pertsona solidarioak jipoitu. [...] Eratzunkizuna eta zigorrak ezartzea eskatzen dugu herritar baketsu eta solidarioen aurka indarra erabiltzeagatik eta horiek justifikatzeagatik gezurren eta terrorismoaren aurkako sasi-arrazoiketen bidez, munduko herrialde guztietan, gurean barne”.
Mobilizaziorako deia eginez eta Palestina askearen aldeko aldarria zabalduz amaitu zuen hitzartzea. Senideak, kideak eta lagunak agurtu eta bizitakoa haiekin azkar eta labur partekatu zuen aireportua utzi aurretik. Egun eta aste luzeen ostean orain atseden hartzea dagokiola pentsatuko luke edonork. Ezagutzen duenak badaki, ordea, belarria maskorrean portuan bizitzekoa baino, itsaso itsaskorrean menturatzekoa dela bera.