Laudioko EAJk oharra plazaratu du berresteko akordioak lortzeko prest daudela EH Bildurekin Udalean, baina bere jarrerak ez duela hori ahalbidetzen. Jeltzaleen aburuz, aste honetan egindako udalbatza horren eredu izan da, "proposamen itxietan oinarritutako gobernatzeko modua" dutelako eta horrek ez dielako ekarpenak egiteko tarterik uzten oposizioko taldeei.
"Badirudi EH Bildurentzat adostasuna dagoeneko hartuta dauden erabakien berri ematea dela, eta gainerakoei horiek babesteko eskatzea. Baina benetako adostasunak eskatzen du erabaki aurretik entzutea, ekarpenak onartzea eta hasierako planteamenduak aldatzeko prest egotea. Eta horren falta sumatzen dugu", salatu du Maite Cortazar zinegotziak.
Halaber, oposizioko talde nagusiak azpimarratu du EH Bilduk gutxiengoan gobernatzen duela eta, ondorioz, ezinbestekoa duela akordioak lortzea. "Adostasunak ez dira aukera bat, ezta gai estetiko bat ere; behar demokratikoa dira, bakarrik gobernatzeko gehiengo nahikoa ez dagoenean" gogoratu du Cortazarrek.