LAUDIO GOIKOAKO GURASOAK

“Gurasoak banatzen saiatzen ari dira, gure desesperazioa baliatuz”

Txabi Alvarado Bañares 2026ko ekainaren 2a

Laudio Goikoako gurasoak dira Yolanda R., Susana G. eta Susana S. / Aiaraldea.eus

Laudio Goikoa zentroko Zereginen Ikaskuntzarako Gelan daude YOLANDA R., SUSANA G. eta SUSANA S.-ren seme-alabak. Eraikinaren balizko itxieraren harira egondako gorabehera guztien inguruan mintzatu dira. 

Ezer baino lehen, ez dakiten horientzako: zer da Laudio Goikoa eta zer hezkuntza esparru eskaintzen dira bertan?

Susana G.: Estetika eta ile-apainketako Lanbide Heziketa dago alde batetik, eta Zereginen Ikaskuntzarako Gela bestetik, behar bereziak dituzten gazteentzat. 

Nola funtzionatzen du gela horrek?

Susana G.: Haurrek behar bereziak dituztenean, ohiko bidetik joan ordez, gela egonkor batean sartzen zaie Lehen Hezkuntzan, sei urtetatik aurrera. 12 urterekin institutura igarotzen dira, beste gela egonkor batera. 16 urtetik aurrera doaz zereginen ikaskuntzara, helduarora bideratuta. Helburua da egunerokotasunari lotutako hainbat gaitasun eta autonomia bereganatzea: janaria prestatzea, janztea, ohea egitea, mahaia jartzea, garbigailua… Modu horretan, aukera izan dezakete tutoretzapeko etxebizitza batean edo egoitza batean bizitzeko. 

Laudio Goikoa itxiko zela iragarri zenetik behin baino gehiagotan jarri duzue mahai gainean gazte horiek herrigunera mugitzeak ondorio negatiboak ekarriko lituzkeela.

Susana G.: Guri maiatzaren 4an pasatu ziguten ohar bat, apirilaren 23an datatutakoa, zeinetan esaten zen irailean ez zela zentro hau berriro irekiko, eraikinaren egoera dela eta, eta Zereginen Ikaskuntzarako Gelako kideak beheko institutura igaroko zirela. 

Yolanda R.: Ez ziguten azalpen gehiagorik eman. 

Susana G.: Orduan pentsatu genuen: Non sartuko dituzte? Hauek hemen badute ariketak egiteko gela, sukaldea, garbiketa gela, ortua, gela sentsoriala… Non sartuko dute hori guztia beheko institutuan jada barrakoi bat baldin badago?

Susana S.: Patioetan ere behar dituzte espazio berezituak. Hemen espazio asko dute euren kabuz gozatzeko, jende pilaketarik gabe. Horrek kalte egingo lieke, estimulu gehiegi jasoko lituzketelako. 

Susana G.: Oso espazio egituratuak, kontrolatuak eta kontrolagarriak izan behar dituzte, ezustekoetarako tarte gutxirekin. Nire semeak, adibidez, krisi sentsorial bat izan dezake gain-estimulatzen bada, negar egin dezake eta abar. Gauzak hala, ezagutzen dutenean eta ikusten dutenean zer ikaratzen edo urduritzen duen aukera daukate horri aurrea hartzeko. 

"Hiru urte daramatzate gure seme-alabak hemen, eta hobekuntza oso nabarmena izan da eurentzat"

Baina hori askoz zailagoa da beheko eraikinean. Nola kontrolatzen duzu bertan dauden 700 gazteek ez dutela oihukatu edo salto egingo? Edo autoren batek ez duela klaxona joko? Hemen errazagoa da ingurua askoz lasaiagoa delako, eta askoz errazagoa da eurekin lan egitea. 

Yolanda R.: Hiru urte daramatzate gure seme-alabak hemen, eta hobekuntza oso nabarmena izan da eurentzat. 

Susana G.: Lehen gazteak institutura pasatzen zituztenean gaitasun gehien zituztenak hona igotzen zituzten sukaldaritzako oinarrizko lanbide heziketa jasotzera. Duela hiru urte irizpidea aldatu zuten, eta behar bereziak dituzten 16 urtetik gorako ikasle guztiak pasa ziren hemen egotera. Teorikoki, 20 urteak bete arte egon behar ziren beheko institutuan, nahiz eta hori ere ez zitzaigun ondo iruditzen. Gela batean egon behar zuten egun guztia fitxak betetzen, zaratak aguantatzen eta krisiak pairatzen. Hobeto daude hemen. 

Susana S.: Duela hiru urte norbaitek begi onez ikusi zuen eurak hemen egotea. Norbaitek oniritzia eman zion eraikinari.

Yolanda R.: Harritzen gaituena da duela hiru urte dena zegoela ondo eta orain, bat batean, ez dela horrela. Hori da ulertzen ez duguna. 

"Harritzen gaituena da duela hiru urte dena zegoela ondo eta orain, bat batean, ez dela horrela"

Susana G.: Hasieran bi milioi euro behar ziren azpiegitura konpontzeko. Gero esan ziguten ezetz, konponketa batzuekin jarraitu zitekeela, eta orain zalantza dugu ea zerbait egingo duten ere. 

Astebete daramazue Laudio Goikoaren itxieraren aurka mobilizatzen, eta hainbat mugimendu egin dituzue ordutik hona. Zein da egoera une honetan?
Yolanda R.: Etengabe aldatzen ari da…

Susana S.: Atzetik ari dira lanean. Hezkuntza Saila ez da zuzenean harremanetan jartzen Institutuko zuzendaritzarekin eta ez die dituzten asmoen inguruan informatzen. Edo, informatzekotan, gero gurasooi beste zerbait esaten digute. Beste zentro batzuk eskaintzen dizkigute, hori oraindik ikusteke dagoen arren. Ikusten duguna da banatu nahi gaituztela. 

Susana G.: Banaka ari dira gu neurtzen. Guk nahi dugu bilera bat egitea guraso guztiak Hezkuntza Sailarekin, azal diezaguten zeintzuk diren dituzten asmoak. Hemen inbertituko ez badute, nahi dugu Laudioko beste gune batean beste espazio bat atontzea, erreferentziazkoa izango dena eskualde osoarentzat. 

"Guk nahi dugu bilera bat egitea guraso guztiak Hezkuntza Sailarekin, azal diezaguten zeintzuk diren dituzten asmoak. Hemen inbertituko ez badute, nahi dugu Laudioko beste gune batean beste espazio bat atontzea, erreferentziazkoa izango dena eskualde osoarentzat"

Susana S.: Hala esan zuten eurek duela hiru urte: Laudio Goikoan inbertitu nahi zutela erreferentziazko zentro bat garatzeko. Amurrio eta Orozkotik autobus bana datoz gaur egun.

Susana G.: 14 gazte daude gaur egun, eta datorren ikasturterako 18 daude aurreikusita. 

Yolanda R.: Eta atzetik ume asko datoz behar bereziekin. Arazo handi bat dago, ikusi nahi izan ez dena eta ez dena bideratzen jakin. Inprobisazio batetik bestera egin dute salto. Uste dut ez dela aurretiazko ikerketa lanik egin jakiteko zenbat haur dauden, ze adinekoak, zer behar dituzten…

Susana G.: Haurrak agertzen diren heinean doaz toki batean edo bestean sartzen, berdin zaie Laudio, Amurrio edo Gasteizen den. 

Yolanda R.: Laudioko haur asko daude Gasteizen. 

Susana G.: Banan-banan eskaintzen badizkigute aukerak, bakoitzak gurea begiratzen dugu. Baina orain saiatzen ari gara erreferentziazko zentro bat aldarrikatzen, baldintza guztiak beteko dituena ezgaitasun mota guztietarako. 

Yolanda R.: Gurasoen desesperazioaz baliatzen dira. Niri, adibidez, apirilaren 27an jakinarazi zidaten nire semeak ez zuela jarraituko, ez zitzaiolako urtebeteko luzapena eskainiko, beti eman den arren. Ni etsituta nago ez dakidalako hurrengo ikasturtean nire semea non sartu, eta desesperazio horren erdian agian datoz eta esaten didate Gasteizera eramateko, eta baiezkoa ematen diet, beste aukera semea urtebetez etxean sartuta izatea delako. Horrekin jokatzen aritu dira, basakeria bat da. Ordubete behar dute Gasteizera joateko eta beste bat itzultzeko.

"Ni etsituta ez dakidalako hurrengo ikasturtean nire semea non sartu, eta desesperazio horren erdian agian datoz eta esaten didate Gasteizera eramateko, eta baiezkoa ematen diet, beste aukera semea urtebetez etxean sartuta izatea delako"

Susana G.: Hori bada beste meloi bat ireki beharko zenuketena: zer gertatzen den gazte hauekin eskola garaia amaitzen denean...

Yolanda R.: Orain asko hitz egiten da Laudion irekiko den eguneko zentroaren inguruan. Oraindik ez da inauguratu, baina okupatuta dago jada. 

Susana G.: Hamasei plaza baino ez dituzte atera, gazte asko daudenean behar bereziekin. Gainera, bertan 20 urtetik 64ra daude. Orain jaiotzen ari diren haurrak 20 urte betetzen dituztenean okupatuta jarraituko du, ez gara horretaz konturatzen ari…

Yolanda R.: Nire semeak jarraitu ezingo zuela esan zidatenean pentsatu nuen: “Beno, eguneko zentroa dago behintzat”. Baina Udalera jo eta gizarte laguntzailearekin hitz egin nuenean konturatu nintzen hamasei plaza direla: zortzi dependentzia handiko pertsonentzat eta beste zortzi autismoa duten haurrentzat. Denak daude okupatuta, Gasteizera mugitu dituzten pertsonek izango dutelako lehentasuna. Hau da, nik une honetan ez dut nire semea non sartu. 

Susana G.: Gainera, eurek esaten dizuten tokian sartu behar duzu, ezetz esaten baduzu zerrendako azken postura zoazelako. 

Horren guztiaren aurrean, konponbide kolektiboak behar direla aldarrikatzen duzue, ez?

Yolanda R.: Hori da. 

Susana G.: Erreferentziazko zentroak behar ditugu Aiaraldeko gazteentzat, hezkuntza garairako zein gerorako. Hemen daudenean herrira jaisten dira, integratzen dira, erosketak egiten dituzte, jendea ezagutzen dute… eta, bat-batean, 20 urte betetzean Gasteizera mugitzen dituzte. Bertan ez dute inor ezagutzen, familia urrun daukate, ez dute ingurua ezagutzen, gaixotzen badira euren gurasoak (agian 70 urte izan ditzaketenak) joan behar dira euren bila Gasteizera, medikura joan behar badira egun osoa galtzen dute… Gero diote autistak ezin direla ezgaitasun intelektuala dutenekin egon. Baina batera daude uneoro, elkarrekin hazi dira gela egonkorretan. 

"Eurek esaten dizuten tokian sartu behar duzu, ezetz esaten baduzu zerrendako azken postura zoazelako"

Susana S.: Ez dute errealitatea ezagutzen. Eurentzako egokia ez den zerbait eskaintzen digute. 

Yolanda R.: Eurentzat ez dira pertsonak, zenbakiak baizik. Zenbakiak eta dirua. Gutxietsiak sentitzen gara. Gu gara kaltetutakoak, lehen eskuko informazioa izan beharko genuke, eta ez dugu. Baina ez guk ezta zuzendaritzak edo irakasleek ere. 

Susana G.: Hemen arrapaladan atera dira esatera EAJri esker itxiera geldiarazi zela eta gurekin adostuko zela… baina dena da gezurra. Hori guztia izan da ez dezazuen argitaratu gauzak gaizki egiten ari zirela, eurak ondo atera ahal izateko. Ze gurekin ez dira ezer adosten ari. Banaka deitzen ari gaituzte eta batek daki zer etorriko den orain. 

Badakite institutuko komunitate osoa aurka izango dutela. Horregatik erabaki dute gu banatzea. Jada ez dute itxiko, ez dira behera jaitsiko. Modu horretan, beheko eraikineko gurasoak borrokatik erretiratzen dira, nolabait esateko. Gu familia gutxi gara, eta hori baliatzen dute. 

"Jada ez dute itxiko, ez dira behera jaitsiko. Modu horretan, beheko eraikineko gurasoak borrokatik erretiratzen dira, nolabait esateko. Gu familia gutxi gara, eta hori baliatzen dute"

Susana G.: Gaur gaurkoz ez dakite ezta zein izango den datorren ikasturterako ratioa. Ez dakite zenbat gazte egongo diren. Diote bi gela egingo dituztela baina ikasle kopuruaren arabera ratio batzuk edo besteak daude…

Yolanda R.: Ez dakigu zergatik bat-batean zentro honek ez dituen beharrezko baldintzak betetzen, ez dugu hori arrazoitzen duen inolako txosten teknikorik. Duela hiru urte eraikinak balio zuen, eta orain ez dago modurik jakiteko zer den aldatu dena. Obskurantismo handiarekin ari dira dena egiten.

Susana S.: Txosten teknikoa eskatu dugu institutuaren bidez, baina ez digute eman. 

Yolanda R.: Eraikinaren jabetza norena den ere ez dago guztiz argi: Udalarena, Jaurlaritzarena... Ez digute ezer argi esaten, elkarri pasatzen diote pilota. 

Dena den, esan behar da baita gure seme-alabek baliatzen dituzten gelak oso ondo daudela. Alde horretatik ez dugu inolako kexarik, ez da kanpotik dirudiena. Oso pozik gaude hemen.

Susana G.: Dena den, ez dago berogailu zentralik. Horregatik, bero-kanoiekin dabiltza eta batzuetan neguan gaizki funtzionatzen dute. Horrez gain, gelak baino ez dituzte berotzen. Komuna, adibidez, izoztuta dago. 

Hezetasunak ere daude, leiho batzuk ezin direlako ireki ere egin. Zorua ere hotzegia da. Guk nahi genuena zen gutxieneko inbertsio batzuk egitea gauzatxo horiek hobetzeko, hemen denbora gehiago egon daitezen. Baina, arrazoiren bategatik edo besteagatik, ez zaie interesatzen gu hemen jarraitzea. Badago kontatzen ari ez diguten zerbait. 

Susana S.: Aurrekontua puztu dute aditzera emateko ez dela posible zentroa berritzea.

"Bakoitza toki batera bidaltzen hasten badira amaitu egingo da hezkuntza berezia Laudion eta eskualdean, ez ez zait egokia iruditzen"

Yolanda R.: Baina, egia baldin bada hau konpontzeak 2 milioi euro balioko lukeela, diru horregatik erraz eraiki ahalko lukete zentro berri bat. Bestelako alternatibak ere egon daitezke. Laudion toki asko daude hutsik, baina ez zaigu ezer esaten. Zer egingo da anbulatorio zaharrekin? Lamuza parkeko eraikinetako hainbat zonalde ere daude hutsik…

Susana G.: Hori da guk nahiko genukeena, hau konpondu ezin bada beste espazio bat atontzea. Bakoitza toki batera bidaltzen hasten badira amaitu egingo da hezkuntza berezia Laudion eta eskualdean, ez ez zait egokia iruditzen. 

Yolanda R.: Eta atzetik datozenak… uste dut familiak ez direla kontziente gainera datorkigun arazoaz. Orain gu gara borrokan gaudenak, baina gure atzetik datozen guztiak arazo berdinarekin topatuko dira. 

Susana G.: Denborarekin ere jokatu dute. Ikasturteko azken hiru asteak pasako dituzte gu mareatzen eta, seguru asko, irailaren 1ean deituko gaituzte sorpresaren bat emateko. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide