Zita garrantzitsua dute larunbat honetan Altzarrateko kadeteek, Arabako Kopa irabazteko aukera izango baitute Betoñoko zelaian, Gasteizen, 12:30ean.
Ez dira bakarrik egongo. Autobus bat antolatu dute norgehiagokara joateko, eta hainbat senide eta lagun autoz joango direla ere aurreikusi dute. “Jokalarientzat oso berezia izango da harmailetan horrenbeste jende ikustea”, ziurtatu du Angela Vadillo Mendigutxia entrenatzaileak, “horrek erakusten du talde honek sortu duen ilusioa eta herriaren babesa”.
Taldeko prestatzaile fisikoa oso ilusionatuta azaldu da biharko partiduarekin, baina nabarmendu du finalera iristea ez dela “egun bateko kontua, denboraldi osoan zehar eginiko lanaren, ahaleginaren eta konpromisoaren emaitza baizik”. Bere iritziz, "taldeak hasieratik erakutsi du lan egiteko gogoa, ikasteko prestutasuna eta egunero hobetzeko nahia".
Kopako partida guztiak irabazi dituzte orain arte, lortu zezaketen gehienezko puntuazioa erdietsita.
Vadilloren hitzetan, “Batasuna” izan da taldearen indargune nagusietako bat. “Jokalari gehienek urte asko daramatzate elkarrekin eta hori nabarmen ikusten da zelai barruan zein kanpoan”, azaldu du, eta nabarmendu du laguntasun horrek asko lagun du diela denboraldian zehar lehiakorrak izaterako orduan.
Hain zuzen, hirugarren geratu dira ligan, iazko marka berdinduz. Baina koparen finalera iritsita “urrats bat gehiago” ematea lortu dutela iritzi du Vadillok, aurreko fasean “emaitza bikaina” lortu dutela nabarmenduta. Ez da gutxiagorako: Kopako partida guztiak irabazi dituzte orain arte, lortu zezaketen gehienezko puntuazioa erdietsita.
“Erreferente”
Gauzak hala, “konfiantzaz” joango dira biharko partidara, baina baita “umiltasunez” ere. Izan ere, aurrean izango dute taldeak ere (Lakua) “denboraldi bikaina” izan du. Dena den, entrenatzailea pozik azaldu da jokalariek eginiko bidearekin, eta nabarmendu du “erreferente” bilakatzen ari direla belaunaldi berrientzat. “Geroz eta neska gehiago animatzen ari dira futbolean jokatzen, eta uste dugu taldeak zein klubak eginiko lanak zerikusia duela horretan. Neska gazteek ikusten dute futbolean jokatu dezaketela, lehiatu dezaketela eta lorpen handiak lortu ditzaketela”.
Askiolaren zelaian entrenatzen
Bukatzeko, taldeko kideek eskerrak eman nahi izan dizkiete Okondoko alkateari eta herri horretako Askiola klubari. Izan ere, futbol talde horren zelaian aritu dira biharko partidua prestatzen, belar naturalean izango delako. "Horrelako keinuek asko laguntzen dute taldearen prestaketan eta erakusten dute eskualdeko kirolaren alde dagoen elkarlana", goraipatu du Vadillok.
