Betoñoko zelaian Lakua talde gasteiztarra 0-2 mendean hartuta lortu du Altzarrate taldeak Arabako Kopa altxatzea. Txapelketa bikaina egin dute laudioar kadeteek, finalera arteko partida guztiak irabazi dituzte, lortu zezaketen gehienezko puntuazioa erdietsita.
Jokatutako finalarekin "pozik eta harro" azaldu da Angela Vadillo Altzarrateko prestatzaile fisikoa: "Taldeak hasieratik amaierara partida oso ona egin du, serioa eta lehiakorra. Zelaian ikusi da denboraldi osoan zehar egin dugun lana", goraipatu du.
Finalean erdietsitakoa denboraldi osoan egindako lanaren fruitu dela azaldu du Vadillok, eta jokalariak, bai kirolari zein pertsona bezala, "hazi" egin direla nabarmendu du prestatzaile artziniegarrak.