Maderas de Llodioko lan gatazka amaitu da, momentuz. 262 eguneko greba izan da eta akordioarekin bukatu da, langileek Garnica taldeko azken eskaintza onartu baitute. Berez, enpresak ultimatum gisa aurkeztu zuen eta beharginek ontzat eman dute.
Hurrengo egunetan formalizatuko dute akordioa eta ziklo bat itxiko du. Langile batzordeak adierazi du hurrengo egunetan zehaztuko dutela nola itzuliko den jarduera lantegira zortzi hilabeteren ondoren, eta zeintzuk diren akordioaren nondik norakoak.
Batzordeak balioan jarri du egindako 262 eguneko greba: "Langileek argi utzi dute ez daudela prest horrelako erabakiak erantzun irmo eta antolaturik gabe onartzeko. Orain arte lortutako guztia, baita gaur egun mahai gainean dauden neurri eta konpromisoak ere, beren lanpostuak eta etorkizuna defendatu dituzten langileen borrokaren, batasunaren eta konpromisoaren emaitza dira. Antolakuntza kolektiboa, batasuna eta mobilizazioa funtsezkoak izan dira alternatibak sortzeko eta gatazkaren hasieran ezinezkoak ziruditen akordioak lortzeko".
Halaber, "eskerrik beroenak" adierazi dizkiote eskualdean greba babestu duten guztiei, elkartasun zabala izan baitu borrokak.
Kaleratu guztiek itzultzeko aukera izango dute
ELA sindikatuak berezko oharra argitaratu du eta aipatu du langileen artean egindako batzarrean eurek azpimarratu dituztela akordioaren ahulguneak. Edonola ere, erakundeak aitortu du enpresak egindako azken eskaintzak langile kaleratu guztiak berriro onartzea aurreikusten duela, jakina, beharginek nahi izanez gero.
Bide judiziala itxita
Akordioak gatazkaren ibilbide judizialean ere eragina izango du eta 2026ko epaiaren kontrako helegiteak beharginen eta konpainiaren aldetik bertan behera geratuko dira.
ELAren aburuz, hori ere garrantzitsua da. Izan ere, epaileak arrazoia eman zien langileei neurri handi batean, kaleratzeen helburua ekoizpena deslokalizatzea zela iradoki baitzuen.