Xabier Eguiaren jardunbidea salatu dute Durangaldeko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak, enpresari laudioarrak Durangon kudeatzen duen pisu batetik familia bat indarrez kanporatu nahi duela ohartarazita.
Bideoa zabaldu dute Mugimendu Sozialistako bi eragileek Sara izeneko pertsona baten testigantza kontatzeko. Tik Tok bidez etxebizitza bat adostuta etorri zen Aljeriatik ama eta ahizparekin batera. Zornotzan kokatutako pisu baten alokairuaragatik hilean 550 euro ordaintzeko ideiarekin heldu ziren Euskal Herrira, hori baitzioen iragarkiak.
Oso bestelako egoera batekin egin zuten topo, ordea: Durangoko etxebizitza batean bi logela alokatu behar zituztela esan zieten, 550 euroren truk bakoitza. “Ez nuen beste aukerarik, alokatu behar izan nituen”, kontatu du Sarak bideoan.
Bideoan salatu dutenaren arabera, “bi gizon erraldoi” baimenik gabe sartu ziren etxean, bertan bizi den kide bati “ordaindu ezean, burua apurtzeko” mehatxuka.
Sarak alokairuaren zati bat ezin izan zuenean ordaindu, hasi ziren jazarpena eta mehatxuak, bideoan salatzen denaren arabera betiere: uneoro deitzen zion Eguiak dirua exijitzeko eta ordaindu ezean, bide judiziala alboratu eta familia indarrez kanporatzeko jendea etxera bidaltzearekin mehatxatzen zien.
Maiatzaren hasieran, Sara etxetik kanpo zegoen egun batean, ahizpak deitu zion, negarrez eta izututa, “bi gizon erraldoi” baimenik gabe sartu baitziren etxean, bertan bizi den kide bati “ordaindu ezean, burua apurtzeko” mehatxuka.
Horren ostean, Eguiak berak ere mehatxu egin ziela salatu du familiak: “Alde egin ezean, pertsona horiek berriro agertuko zirela, baina beste modu batera jokatuko zutela” ziurtatu zien enpresariak, bideoko lekukotzaren arabera betiere.
Mugimendu Sozialistaren erantzuna
Egoeraren aurrean, “sektore zaurgarrienen aurkako indarkeria eta inpunitatea” salatu dute Durangaldeko Kontseilu Sozialistak eta Etxebizitza Sindikatu Sozialistak. Bi eragileek seinalatu dituzte “maizterren babesgabetasunaz baliatu” eta “zaurgarritasun egoeran daudenen kontura etekin ekonomiko handiena ateratzen” dituzten enpresariak.
Familiari babesa eta elkartasuna adierazteko eta erasoen aurka antolatzeko bilera irekia antolatu du Sindikatuak ostegunean, hilaren 11n, Durangoko Ezkurdi plazako arkupeetan, arratsaldeko zazpietan.
400 logela baino gehiago kudeatzen ditu Eguiak rent-to-rent modeloan, horietako hainbat Aiaraldean.
Rent-to-rent modeloa
Rent-to-rent deritzon modeloarekin egiten du lan Eguiak. Hau da, etxebizitzak alokatzen ditu gero logelaka berriro alokairuan jartzeko. Bere hitzetan, 400 logela baino gehiago kudeatzen ditu modu horretan, horietako hainbat eskualdean, Aiaraldea Komunikabideak jakin izan duenez.
Sare sozialetan ematen du laudioarrak bere jardueraren berri eta eremu enpresarial horretan jarduteko aholkuak ematen dizkie bere jarraitzaileei: nola lortu %20 baino gehiagoko errentagarritasuna, nola saihestu etxebizitza lege berriak, nola garestitu 100 euro alokairua gela bati komuna gehituz, besteak beste.
Aiaraldea Komunikabidea atzo jarri zen harremanetan Xabier Eguiarekin, baina ez du gaiaren inguruko adierazpenik egin momentuz.