Laudioko Azoka plazaren obrak amaitu dira eta jadanik erabiltzaile berriak bete-betean ari dira prestaketak amaitzen ateak irekitzeko. Plazan jada jarduera garatzen zuten hiru establezimenduak (Mari Paz urdaitegia, Ana Mari urdaitegia eta Toñi arraindegia) berriro bertara lekualdatu dira; eta haiei Carlos Arraindegia eta Ekin eta Eko batuko zaizkie. Ekin eta Eko eskualdeko ekoizle agroekologikoak biltzen dituen elkartea da.
Azoka plazako terraza eta taberna
Azoka plazako tabernari dagokionez, badauka dagoeneko kudeatzailea: Brahim Salim Lakhdar. D’Norte berria zabalduko du berak. Tabernak Azoka plazaren izaerarekin bat egingo du, eta tokiko produktuen erabilera eta sustapena izango ditu ardatz nagusietako batzuk.
Horrela, lehen sektorearen, hurbileko ekoizleen eta tokiko merkataritzaren erakusleiho osagarri bihurtuko da, merkatuaren dinamizazioan lagunduz.
Inaugurazioa ekainaren 25ean
Azoka Plaza berriak ekainaren 25ean irekiko ditu ateak ofizialki, eta horretarako Laudioko Udalak hainbat jarduera prestatu ditu herritarrek espazio berritua ezagutu eta ospatzeko. Helburua ez da soilik eraikina irekitzea, Azoka Plaza berriro ere herriko bizitza ekonomiko, sozial eta kulturalaren erdigune bihurtzea baizik, lehen sektorea, tokiko merkataritza eta hurbileko kontsumoa ardatz hartuta.
Inaugurazio egunean, 12:00etan, inaugurazio instituzionala egingo da. Arratsaldean, 18:00etan, Jakoba Errekondok lehen sektoreari, tokiko ekoizpenari eta kontsumo arduratsuari lotutako solasaldia eskainiko du.
Jardunaldiari amaiera emateko, 19:30ean Gauargi taldearen musika emanaldiak haur, gazte eta helduak elkartuko ditu giro alaian.
Baina ospakizuna ez da inaugurazio egunera mugatuko. Asteburu osoan zehar hainbat jarduera antolatu dira Azoka Plaza eta bere ingurua herritarren topagune bihurtzeko eta espazio berriari bizia ematen hasteko.
Egitaraua
Ekainak 25, osteguna
• 12:00 – Inaugurazio instituzionala
• 18:00 – Jakoba Errekondoren solasaldia
• 19:30 – Gauargi taldearen musika emanaldia
Ekainak 26, ostirala
• 19:30-21:30 – Porrotx, Marimotots, Pupu eta Lore, Herriko plazan
Ekainak 27, larunbata
• 12:00 – Show cooking saioa Azoka plazan
Ekainak 28, igandea
• 10:00 – Laudio Bidelagun, Apdema elkartearekin elkarlanean
• 19:00 – San Roke Musika Elkartearen kontzertua
“Proiektu honekin lehen sektorea, tokiko merkataritza eta hurbileko kontsumoa indartu nahi ditugu, gure ekonomia eta gure identitatea sendotuz. Aldi berean, espazio berrituak tokiko ekoizleen lana balioan jartzeko eta herritarren zein ekoizleen arteko harremanak indartzeko aukera emango du, merkataritza, gastronomia eta lehen sektorea elkartuz”, azaldu du Ainize Gastaka alkateak.
Azoka plaza eraberritzeko proiektua NEXT Generation funtsen laguntzari esker gauzatu da. Eraberritzeak espazio historiko hau egungo beharretara egokitzea ahalbidetu du, bere nortasuna eta jatorrizko izaera galdu gabe.
Horrenbestez, Azoka plaza berriak lehen sektorea, tokiko merkataritza, hurbileko kontsumoa eta herritarren arteko harremanak sustatuko dituen gune bizi eta dinamiko izateko bokazioarekin ekingo dio etapa berriari.
1952an inauguratua
Laudioko Azoka plaza, herritarren artean Plaza del Mercado de Abastos izenez ezaguna dena, 1952. urtean inauguratu zen. Garai hartan, aldeetako dendak ez ezik, igandero baserritarrak ere bertaratzen ziren euren produktuak saltzera, eta herriko bilgune ekonomiko eta sozial garrantzitsu bihurtu zen.
Urte luzez Laudioko merkataritzaren eta lehen sektorearen erakusleiho izan den espazio honek, gaur egun ere, tokiko ekoizpenaren, hurbileko kontsumoaren eta merkataritza txikiaren aldeko erreferente izaten jarraitu nahi du.