Lehenbizikoz ospatu da gaur Laudion Ardiaren Eguna. Goiz osoa hartu du egitarauak eta herri kirolen erronka zein bertako produktua izan dira osagai nagusiak.
Sustraia Kirol Ekitaldiak elkarteak Ardiaren I. Kopa antolatu du, herri kiroletako hiru diziplina tradizional elkartu dituen erronka berritzailea. Izan ere, herri kirolak "berrasmatu" nahi dituen elkartea da Sustraia "ikusgarri, garaikide eta parte-hartzaileago bihurtzeko".
Gaurkoan, bi talde aritu dira norgehiagokan. Joseba Attard ardi moztaileak, Zihara Zabala harrijasotzaileak eta Hodei Ezpeleta Bihurri aizkolariak osatu dute talde gorria. Eider Garcia Durana zen lehiatzekoa, baina azken orduko baja baten ondorioz Zabalak ordezkatu du. Talde urdinean, ordea, Ipar Arrinda ibili da ardi mozten, Ane Atxutegi harri-jasotzean eta Aitzol Atutxa aizkoran. Azken hauek gailendu dira banakako eta taldekako proba banaren ostean.
Laudioar ugariren arreta bereganatu du erronka berri honek, eta Aldai plazako karparen itzalpean gozatu dute erakustaldiaz. Horrez gain, tokiko produktuen postuak, gazta dastaketak, feltrozko loreen tailerra eta irute erakustaldia ere egon dira.