Ez da askorik geratzen eskualdeko jai zaparrada berrabiarazteko eta Laudioko sanpedropekoak izango dira arinen helduko diren ospakizunetako bat. Ekainaren 26an eta 27an izango dira eta ohiko egitarauari berrikuntza batzuk ere gehitu dizkie jai batzordeak.
Herriko haurrentzako opari handia egongo da aurten sanpedropekoetako ostiralean. Izan ere, Porrotx eta Marimotots etorriko dira eta Pupu eta Lore ere ekarriko dituzte iluntzea alaitzeko. Txikientzat zein ez hain txikientzat hitzordu gustagarria izango dela aurreratu dute jai batzordeko kideek: “Normalean gazteentzako ekintzak antolatu ohi ditugu, baino beharrezkoa iruditzen zitzaigun oraingoan etxeko txikietaz oroitzea, nahiz eta, egia esateko, gutako asko gerturatuko garen gure txikitako soinu banda entzutera”.
"Egia esateko, gutako asko gerturatuko gara gure txikitako soinu banda entzutera”
Pailazoen aurretik, puzgarriak egongo dira goizean eta Naiara Trifolek kontzertua eskainiko du 18:00etan. Gauean, eskualdeko musikariek hartuko dute oholtza: Deriba eta Zinkha taldeek rock doinuz beteko dute Aldai plaza.
Larunbata izango da kuadrillentzako egunik handiena. Goizetik abiatuko da, sukalki eta tortilla txapelketarekin. Eguerdian aurkeztu beharko dituzte parte hartzaileek prestatutako tortillak eta geroago, 13:45ean, sukalkiak. Ordu bi eta erdiak aldera bazkari herrikoia egingo dute, lehiaketetan kozinatutakoarekin.
Aurten, bi kuadrilla berri estreinatuko dira Suziri Jai Batzordean: Txiripak eta Zaparrak
Bingo musikatuak girotuko du bazkalostea eta 18:30ean, Ilargi txaranga abiatuko da kalez kale herria alaitzera.
Kontzertuen aurretik DJ Ozaeta laudioarrak girotuko du iluntzea. Arrasateko Etxepe gazte musika kolektiboak hartuko du eszenatokia 22:00tan: Axerik, Fanek, Elik eta Maidak bere “etxeperreoa” ekarriko dute Laudiora.
Zirkinik bez! erromeriaren txanda izango da gero eta Ztanda saioan parte hartzen ari den Ximena abeslari laudioarra ikusteko aukera egongo da bertan, bera baita taldeko abeslaria. Herriko DJ mitikoek emango diote egunari amaiera: Azkenak Itxi Dezala.
Kuadrillak jai-sasoiaren hasieran berriro elkar ikusteko, jantziari hautsa kentzeko eta udari merezi duen ongi etorria emateko elkartuko dira. Aurten, gainera, bi talde berri estreinatuko dira Suziri Jai Batzordean: Txiripak eta Zaparrak