Tentsioz beteta igaro du Iñaki Pagazaurtunduak azken hilabetea. Laudioko Motxotekale kaleko baserri batean bizi da bere familiarekin eta abereekin, eta azken hilabetean hamar ardi galdu dituela salatu du, "basurdeen erasoen ondorioz".
Maiatzaren hasieran jazo ziren lehen erasoak. "Lau arkume desagertu zitzaizkigun. Hasieran pentsatu genuen lapurtu egin zizkigutela, eta salaketa jarri genuen Udaltzaingoan", azaldu du baserritarrak, "baina handik egun batzuetara bizilagun batek esan zidan putreak zebiltzala inguruan". Hala topatu zituzten gorpuak. Ordutik hona eraso gehiago pairatu dituzte. "Arabako Foru Aldundiko biologoak bi aldiz etorri dira gorpuak aztertzera, eta basurdeen hozkadak dituztela esan digu", azaldu du Pagazaurtunduak.
Artzaina ziur dago basurde batek eragindako erasoa izan dela, bere begiekin ikusi baititu eraso horietako bi. Hala ere, aitortu du ez duela lehenago horrelako gertakaririk pairatu. "70 urte ditut, eta inoiz ez du basurdeen halako erasorik izan", azaldu du baserritarrak.
Bere hitzetan, gauez izaten dira erasoak: Basurdeak hesiaren kontra botatzen ditu ardiak, eta bertan egiten die hozka, hil arte. Pagazaurtunduak ez daki ziur erasoak basurde bakarrak edo talde batek egiten dituen, baina susmoa du animalia bakarra dagoela ardien hilketen atzean.
Gauzak hala, neurriak hartzea eskatu dio baserritarrak Aldundiari, egoera bideratu dadin.