Agerraldi bateratua egin zuten atzo EH Bilduk C-3 lineako udalerrietan dituen alkateek eta hainbat zinegotzik Laudioko tren geltokian. Zerbitzu "moderno, seguru, irisgarri eta duina" eskatu zuten, horri begirako "dinamika instituzional eta soziala" iragartzearekin batera.
Ainize Gastakak eta Maite Ibarrak hartu zuten hitza agerraldian. Laudio eta Arrigorriagako alkateek hainbat eskakizun zehatz jarri zituzten mahai gainean: "Tren puntualak eta fidagarriak bermatzea, Gau Jaia zerbitzua berreskuratzea eta asteburu guztietara zabaltzea, geltoki eta tren guztietan irisgarritasun unibertsala bermatzea, azpiegituretan inbertsio sendoa egitea, tren moderno eta erosoak martxan jartzea, trenetan eta geltokietan komunak jartzea, Basauri, Laudio eta Luiandoko geralekuetako segurtasun-arazoak konpontzea eta zarataren aurkako neurriak ezartzea trenbidearen ondoko auzoetan".
Bi ordezkariek nabarmendu zuten garraio publiko duina "herritarren eskubidea" dela, eta nabarmendu dute C3 ez dela "tren linea soil" bat, oinarrizko azpiegitura bat baizik, "milaka pertsonak lan egiteko, ikasteko, osasun zerbitzuetara joateko edo aisialdiaz gozatzeko erabiltzen dutena".
Gauzak hala, EH Bilduko kideek dinamika bat jarriko dute martxan hemendik aurrera, "egoera salatzeko eta hobekuntzak eskatzeko hainbat ekimenekin". Izan ere, euren iritziz, "gizartearen eta erakundeen presioaren bidez" iritsiko dira aldaketak.