Emozioa oraindik gorputzean bizi-bizi dutela elkartu gara Itxaso Solaguren eta Julene Rodriguezekin. June, Ieri, Willy, Anne, Victor eta Irunerekin batera, Euskal Autonomia Erkidegoko desgaitasun intelektuala duten pertsonek osatutako lehenbiziko eztabaida taldeko partaideak dira eta Madrilera bidaiatu dute asteburuan, bertan jokatu baita Yo tengo opinión liga.
Aintzindariak dira zortzi lagunak Apdemak koordinatutako proiektuan eta harro sentitzen dira horregatik Solaguren eta Rodriguez. Arabako elkarteak desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat partaidetzarako, autonomiarako eta ahalduntzerako espazio errealak sortzea du xedeetako bat, eta hori dela eta batu zen erronka honetara: “Kontua ez da lehiatzea bakarrik, baizik eta erakustea haiek ere badutela iritzia, kriterioa eta esateko dutena adierazteko eskubidea eta gaitasuna”.
Aintzindaria da ere Yo tengo opinión liga, gisa honetako lehenbiziko txapelketa baita munduan. Aurtengo edizioan, Espainiako Estatuko hamairu taldek parte hartu dute eta Nebrija Unibertsitatean egin dituzte debateak. Leduk, Espainiako Unibertsitate mailako Eztabaida Ligak, antolatu du ekimena, kolektibo honetako pertsonen ahotsa entzunarazteko helburu nagusiarekin, “gizartearen aurrerabide bateratua” sustatzeko bidean.

Hilabeteetako prestaketa lana
Hirugarren sailkatu da ligan Apdemaren taldea, hilabeteetan zehar egindako lan handiaren emaitza. Izan ere, otsailetik daramatzate eztabaida on bat egiteko gako guztiak prestatzen: debatearen egitura, oratoria, ez-hitzezko lengoaia… Horiek kontuan hartuta, txapelketan landu beharreko gaia prestatu dute entrenamenduetan: “Birziklatzea sustatzeko hobe da saritzea ala zigortzea?”. Saritzearen aldeko postura hartzea egokitu zaie haiei eta horretarako argudioak prestatu dituzte.
Prozesu horretan bidelagun izan dituzte Adrian Fernandez eta Brais Freire mentoreak, eta Ainara Urresti eta Rodrigo Gonzalez Apdemako hezitzaileak. Haien lana aitortu eta eskertu nahi izan dute Solaguren eta Rodriguezek.
Txapelketarako jakintzez gain, esperientzia honi esker beren eguneroko bizitzarako eta garapenerako tresnak ere eskuratu dituzte: taldean harremantzea eta elkarri babestea, besteak beste.
Rodriguezek, zehazki, azaldu du prestakuntzarekin hasi zirenetik orain arte egindako garapena, hein batean, haiei esker izan dela: “Lehenengo egunean zuzenean atera ginen arbelera guztion aurrean hitz egitera eta niri asko kostatu zitzaidan. Asko frustratzen nintzen horregatik eta haiek hori kudeatzen irakatsi didate. Oraindik asko daukat ikasteko, baina badakit frustrazioa datorrenean horri aurre egin behar diodala eta amorerik ez eman”.
Txapelketarako beharrezkoak ziren jakintzak lortzeaz gain, esperientzia honi esker beren eguneroko bizitzarako eta garapenerako tresnak ere eskuratu dituzte: taldean harremantzen eta elkarri babesten ikasi dutela aitortu dute gazteek.
Zeledonen jaitsiera, balkoitik
Madrilera abiatu aurretik, Maider Etxebarria Gasteizko alkateak hartu zituen Gasteizko Udaletxean. Animo hitzak helarazi zizkien bertan eta proposamen bat egin zioten Apdemako lagunek: lehiaketa irabaziz gero, Gasteizko jaien txupinazoan, San Migel elizako balkoitik ikusi ahal izatea Zeledonen jaitsiera.
Merezitako hirugarren postua lortu izanagatik, abuztuaren 4an San Migel elizako balkoitik ikusiko dute Zeledonen jaitsiera
Txapelketan lan guztiak eginda zituztela, ezusteko bideodei bat jaso zuten eztabaida taldeko partaideek. Etxebarria zegoen pantailaren beste aldean, eztabaidalari arabarrak egindako lanagatik zoriondu nahi zituen.
Merezitako hirugarren postua lortu izanagatik, abuztuaren 4an balkoian egoteko promesa egin zien alkateak eta pozik eta hunkituta ospatu zuten gazteek albistea.
Ospakizunekin jarraitu zuten ostean. Izan ere, ligako gainontzeko taldeekin elkartu eta pizza-jai batekin eman zioten amaiera esperientziari. Beste lurralde batzuetako jendearekin harremantzeko aukera izan zuten arabarrek bertan, eta eztabaidan aritzearekin batera, bidaiako alderdirik onenetako bat izan da hori gazteentzat.
Ahotsa izatearen garrantzia
Madrilen bizitako esperientziagatik galdetuta, bereziki urduri eta nekatuta egon zirela kontatu dute bi laudioarrek, baina baita gogotsu eta ilusionatuta ere. Finalera heldu ez izanaren arantzatxoa geratu zaie, baina lasai daude haien onena eman dutelako. Ikasturte berriarekin batera berrartuko dituzte prestakuntzak, oso gogotsu baitaude deskubritu berri duten oratoriaren eta eztabaidaren bidea urratzen jarraitzeko.
35 urte izan arte parte hartu ahal izango dute taldean, gazteei baitago bideratuta. Solagurenek argi du, ordea, behin adin hori gaindituta eztabaida ligaren munduan jarraituko duela, formatzailea eta epailea izan nahi baitu.
“Ezberdinak gara, bai, guztiok garelako ezberdinak, eta agian behar berezi batzuk ditugu, baina gauza asko egiteko kapazak ere bagara”
“Badugu iritzirik” dio txapelketaren leloak, eta mezu hori azpimarratu nahi izan dute bi gazteek: “Jende askok pentsatzen du desgaitasun intelektuala dugun pertsonok ez dugula ezer interesgarririk esateko, baina agian ez dira inoiz gu entzutera geratu. Ezberdinak gara, bai, guztiok garelako ezberdinak, eta agian behar berezi batzuk ditugu, baina gauza asko egiteko kapazak ere bagara”.
Bide horretan lanean jarraituko dute bai Apdeman, kolektiboki, eta baita Solaguren eta Rodriguezek pertsonalki ere, haien ahotsa entzuna eta haien hitza errespetatua izan dadin.
