Zuek zarete San Joan Astobitzako jaietan taloak egiten hasi zirenetako batzuk. Nola abiatu zen tradizioa?
Encarnacion Montalban Isusi: Ez dut oroitzen zehazki zer urtetan hasi ginen, duela asko izan zen. Vicente Urkixo da ekimena abiatu zuena, Vicente Lekandazarrekoa.
Emakume talde bat batu ginen, guztiak gure artean koinatak ginenak, eta pentsatu genuen odolosteak eta taloak egiten hastea, San Joanetako jaiei bultzada apur bat emateko. Lan asko egin genuen guztiok. Garai hartan oso festa handian ziren San Joanekoak.
Diru apur bat ateratzea zen helburua, Jai Batzordearentzat.
Hasieratik ekin zenioten taloak egiteari?
E.M.I.: Bai, odolosteekin, hirugiharrarekin eta txorizoarekin.
Zuek bazenekiten taloak egiten?
Maria Carmen Olabarria Arza: Bai, etxean ikasi genuen. Taloak egiten jaio gara. Etxean egiten genituen, familian jateko.
Ohiko jaki bat zen orduan?
M.O.A.: Bai, ohikoa zen.
E.M.I.: Ogi eskasia zegoenean taloak egiten ziren. Ez zen festetarako jaki bat…

Bizirauteko jaki bat zen orduan.
M.O.A.: Hori da, norberaren mantenurako.
Baina errezeta ezberdinak daude, ezta?
E.M.I.: Orain irizpide berriak daude. Lehen arto irinaren bi eskukada garizko batekin nahasten genuen. Orain, aldiz, proportzioak aldatu dira.
Taloak ez ditugu San Joanetan soilik egin. Ni Araba Euskaraz jaian ere aritu naiz egiten, oso aspaldi. San Blas azokan ere egiten genituen, plazan.
M.O.A.: Talo asko egiten ziren bertan, ez dut kilo kopurua gogoratzen, baina irin guztia agortu arte aritzen ginen bertan.
E.M.I.: Taloak egiten ziren toki guztietan aritzen ginen laguntzen, musutruk.
"Garai batean ezin zen errepidetik ibili ere egin, jende andana zegoelako. Jende kopuru izugarria. Baina gero jaisten hasi zen"
Zenbat pertsona hasi zineten San Joanetako taloak egiten?
E.M.I.: Sei edo zazpi emakume inguru: Mari, Isabel, Dolores, Eugenia, gu biok…
Ordutik hona dimentsio handia hartu du ekimenak, San Joan Astobitzako jaietako ikur bilakatzeraino.
E.M.I.: Hori da, gaur egun jende guztiak lotzen du San Joan taloarekin, eta hori jatera igotzen dira.
Zer nolako bilakaera izan dute jaiek zuen garaitik gaur egun arte?
E.M.I.: Gu hasi ginenetik hona beherakada handia egon da jende kopuruari dagokionez.
Garai batean ezin zen errepidetik ibili ere egin, jende andana zegoelako. Jende kopuru izugarria. Baina gero jaisten hasi zen.
M.O.A.: Orain ere badoa jendea. Taupada-markagailua jarri zidatenetik ez naiz joan San Joanetan taloa egitera.
E.M.I.: Nik ere traba batzuk izan ditut eta utzi nion San Joanera igotzeari, baina hori baino lehen 10-12 urte aritu ginen laguntzen.
M.O.A.: Oso ondo pasatzen genuen. Denak ginen ezagunak, familiakoak, eta oso gustora aritzen ginen.
E.M.I.: Jaien alde aritzeko gogoa genuen, dirua ateratzekoa. Gure seme-alabak ere aritzen ziren jaien antolakuntzan. Bere garaian ez zegoen txosnarik, eta jendea geratu behar zen gau osoa bertan, edaria zaintzen. Hiruzpalau lagun geratzen ziren eta primeran pasatzen zuten.
Belaunaldi aldaketa ere eman da taloen txosnan.
M.O.A.: Bai, orain nire ilobak daude bertan.
