Laudioko Udalak ia milioi bat euro zor die herriko enpresa, denda eta elkarteei, EAJk salatu duenez

Txabi Alvarado Bañares 2026ko ekainaren 18a

EAJko zinegotziak, alderdiaren Laudioko egoitzan. / EAJ

Jeltzaleek salatu dute tokiko erakundearen hornitzaile askok hilabeteak daramatela jada emandako zerbitzuengatik noiz kobratuko zain. 

EAJk oharra plazaratu du jakinarazteko bihar Ezohiko Udal Osoko Bilkura egingo dela eta bertan 920.491 euroko kredituen judizioz kanpoko aitortza bat egingo dela, "2025eko fakturak ordaintzera bideratutakoa". Jeltzaleek nabarmendu dute faktura horietako batzuk duela urtebete baino gehiago eginiko jarduerenak direla. 

Gauzak hala, Udal gobernuaren kudeaketa ekonomikoa kritikatu du opozisioko taldeak, “planifikazio falta kezkagarria” erakusten duelako, eta “kalte larria” eragiten dielako “dozenaka enpresa, saltoki, profesional eta elkarteri”. 

Ordaintzeke dagoen faktura bakoitzaren atzean “enpresa, elkarte edo pertsona autonomo bat dago, bere lana bete duena eta epe barruan kobratzea merezi duena”. Hala adierazi du Ander Larrinaga zinegotzi jeltzaleak. Izan ere, ordaintzeke dauden fakturen artean hornitzaile handienak daude, hala nola, Iberdrola, Endesa, Euskaltel, Telefónica, Urbide edo IMQ. Baina EAJk “bereziki larritzat” jo du zerrendan enpresa txikiak eta tokiko eragileak ere egotea. 

"Bereziki kezkagarria da denda txikiak, familia-enpresak, kultura-elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko kolektiboak egotea, hilabeteak baitaramatzate haientzat garrantzitsuak diren kopuruak kobratzeko zain”

"Bereziki kezkagarria da denda txikiak, familia-enpresak, kultura-elkarteak eta irabazi-asmorik gabeko kolektiboak egotea, hilabeteak baitaramatzate haientzat garrantzitsuak diren kopuruak kobratzeko zain”, nabarmendu du Larrinagak, eta kritikatu du ez dela koherentea “dominak jartzea eta tokiko merkataritzari, elkarteei eta hurbileko kulturari laguntzeko diskurtsoetan harrotzea, hilabetetan ordaintzeke dauden zorrak eta fakturak pilatzen diren bitartean”. 

Horrekin batera, beste datu baten berri ere eman du Larrinagak: Udalak 40 egun baliatu dituela urteko lehen seihilekoan faktura ordaintzeko, bataz beste. Zinegotziaren aburuz, iaz 23 egunekoa zen bataz besteko hori eta 2024an 18koa. Gauzak hala, “Joera agerikoa eta oso kezkagarria” dela uste du bozeramaile jeltzaleak, eta “utzikeria argia” islatzen duela, “legealdi osoan ikusten ari garen plangintza eta lan faltarekin bat datorrena”. 

Horrez gain, EAJko kideek berriz aipatu dute kontratuetako asko “lizitatuta eta aurrekontuan sartuta” egon beharko liratekeela, baina horietako batzuk ez direla lehiaketa publikora atera hiru urtetan. Opozisioko taldearen esanetan, EH Bilduren gobernu taldeak ez ditu garaiz bultzatu kontratazio prozedurak, eta kontratuen bidez funtzionatzeak “gainkostu handia” dakar, Eva Marquinez zinegotziaren esanetan. 

Horregatik guztiagatik, jeltzaleek uste dute egoera guzti honek “Udalaren sinesgarritasuna eta irudia kaltetzen” duela, eta neurriak hartzea eskatu dio udal gobernuari. 

Gaiari buruzko azalpenak, bihar

Aiaraldea Komunikabidea Udal gobernuarekin jarri da harremanetan gaiaren inguruko bere adierazpenak jasotzeko. Bertako ordezkariek adierazi dute biharko plenoan emango dituztela gaiari buruzko azalpenak.

Erlazionatuak

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide