Aizkoran denbora gutxi daramazun arren, bide oparoa egin duzu orain arte. Nola murgildu zinen mundu honetan?
Betidanik izan dut herri kirolekiko konexio bat, txikitatik gustatu izan zaizkit, baina ez nuen inoiz horretan hasteko pausoa ematen. Gainera, gaur egun zaila da herri kirol talde bat topatzea. Herri kirolekiko konexio hori orokorra bada ere, beti nagusitu izan da aizkoran aritzeko gogoa.
Osaba Serapiori aipatu nion aizkoran aritzeko asmoa nuela eta honek Fernando Velez de Mendizabalekin jarri ninduen harremanetan iazko Amurrioko iaietan. Urte luzez herri kiroletan aritutakoa da Fernando, Betagarri Herri Kirol taldean. Berak eskaini zizkidan lehenengo aizkorak eta etxean hasi nintzen praktikatzen, iragan urteko irailean.
Nahiko modu prekarioan hasi nintzen, baina handik gutxira Fernandok Lopidanan duen pabiloi handi batera lekualdatu nituen entrenamenduak. Ingudea, trontza… herri kiroletan aritzeko materiala du Fernandok bertan; espazio aproposagoa da entrenatzeko.
Ramiro Llanosekin hasi nintzen entrenatzen orduan. Barrio herrikoa da bera eta eskarmentu handia du aizkoran.
Probatua zenuen aurretik aizkora?
Inoiz ez. Ikusi bai, beti izan dudalako zaletasun handia, baina probatu ez. Beste herri kirol batzuk praktikatuak nituen institutu garaian; txingak, lokotxak…

Nolakoa izan zen aurrenekoz enbor batera igotzea?
Gogorra, oso gogorra. Aipatu bezala iazko irailean izan zen hori. Kriston beroa egiten zuen, egurra oso gogor zegoen, oso lehor… Materiala ere ez zen aproposena, aizkorak ez ziren nire neurrikoak. Baina ikasi ahala esperientzia izugarria izan da.
Zer da engantxatu zaituena?
Zaila da azaltzen. Badauka xarma berezi bat, eta behin egurra mozten ikasten duzula ulertzen zoaz hori. Ez dakit zer den. Ez dakit egurra den, ezpala den… kolpea bera. Atrapatu egiten zaitu.
Aritu zara erakusketetan, txapelketetan… Aizkolari onenen aurka lehiatu zara ere. Nolakoa izan da orain arte egindako bidea?
Zertzena Herri Kirol taldeak antolatutako ligan hasi nintzen txapelketetan. Lehenengo saioa Agurainen izan zen, apirilean. Pentsa, aizkora aurrenekoz probatu eta hilabete gutxira. Binakako aizkora txapelketa antolatu du aurten Zertzenak aurrenekoz eta bertan izan naiz. Herrialdeka banatu gintuzten, emakume gutxi gabiltza plazetan eta niri eskaini zidaten Oihana Fernandez de Barrenarekin batera bikotea osatzeko aukera.
Esperientzia izugarria izan da. Teknika asko hobetzeaz gain aukera izan dut Oihana eta bere ingurua gertutik ezagutzeko. Hernanira joan gara entrenatzera maiz, eta horrek ere ate askoz abaldu dizkigu.
Akaso txapelketari esker erreferente zenituenak gertutik ezagutzeko aukera izan duzu, ezta?
Bai. Niretzat Oihana izan da errefernte nagusia, arabarra delako eta nekazari lanetan dabilen emakumea delako. Oihanak gainera beti egin du emakumeak plazara ateratzearen aldeko defentsa. Berarekin bikotea osatzea oso berezia izan da.
Oihanaz gain, Maika Ariztegi ere izan dut erreferente, herri kirolen munduan bidea ireki duen beste emakume bat. Gainera, haren aurka aritzeko aukera izan dugu txapelketan. Hamalau segundoko aldeagatik ez ginen finalera sailkatu. Asko daukat hobetzeko baina esperientzia oso positiboa izan da.

“Oso azkar atera nintzen plazara, oraindik gauza asko nituen ikasteko”
Datorren denboraldiari begira, zeintzuk dira zure asmoak? Baduzu erronka berririk?
Oso gogotsu nago. Oso azkar atera nintzen plazara, oraindik gauza asko nituen ikasteko. Gainera plazan zaudela orotariko komentarioak entzun behar dituzu. Oraindik denbora asko daukat ikasteko. Batzuek diote hiru urteko prozesua dela, Gabriel Saralegik sei urtekoa dela dio eta beste batzuek diote ez dela inoiz ikasten. Ikasteaz eta prozesuaz gozatu nahi dut. Ditudan plaza guztiei baietz esatea da nire asmoa; entrenamenduetan bezain beste ikasten da plazetan ere.
Emakumeak falta dira plazetan.
Bai. Gutxi gara. Plaza askotatik deitzen gaituzte horregatik hain zuzen ere. Euskal Herrian gertatzen dena da, gainera, bi profileko emakumeak gabiltzala aizkoran: maila oso altuko emakumeak eta hasi berriak garenak. Lehenengo horien kontra aritzea zaila izaten da.
Publikoa, oro har, nahiko zaharkitua dago. Oso publiko exijentea da, eta lehen esan bezala asko dira entzun beharreko komentarioak. Baina egia da nik topatu dudan ingurunea hamarrekoa izan dela, beti laguntzeko prest dauden pertsona zoragarriak.
“Plazara aizkolaria bakarrik ateratzen da, baina aizkolari bakoitzaren atzean kriston lana eta kriston taldea dago. Haiek gabe ezinezkoa litzake aurrera egitea”
Azpiegitura handia behar da aizkoran aritzeko? Nola sustengatzen da hori guztia?
Hogei minutuko entrenamendu edo saio bat egiteko bi orduko prestaketa lana egin behar duzu: enborrak lortu, zuritu, moztu, gapiriotan jarri… Gero aizkorak behar dituzu ere, aizkorak zorroztuko dituen norbait... Plazara aizkolaria bakarrik ateratzen da, baina aizkolari bakoitzaren atzean kriston lana eta kriston taldea dago. Haiek gabe ezinezkoa litzake aurrera egitea. Askotan gertatzen da aizkolariek erretiroa hartu behar dutela inguruan talderik ez duelako. Aipatu gabe doa ekonomikoki ere gastu handia dakarrela honek.
Zuk osaba Serapioren laguntza izan duzu hasiera hasieratik, besteak beste.
Izan ditut kriston laguntzaileak. Hasteko bizi naizen tokia; ez da pisu bat eta entrenatzeko tokiaz gain egurrari irtenbidea emateko aukera eskaintzen dit ere. Osabak plaza guztietara lagundu nau, Ramiro entrenatzailea izateaz gain enborrak prestatzen dizkit, Fernandok entrenatzeko tokia eskaini dit… Oso eskertua nago, bidea asko erraztu didate.
Zer behar da aizkoran aritzeko?
Oso kirol fisikoa da. Indarra behar da kolpe onak emateko. Nik neuk zazpi kilo irabazi ditut aizkoran hasi nintzenetik. Arnasketa egokia mantentzea ere funtsezkoa da, denbora behar da teknika hori garatzeko.
Erramintarena ere beste mundu bat da. Aizkora onenaren eztabaida etengabea da: australiarrak, arkaia… Enborra mozteko lana bi fasetan banatzen da. Lehena ezpala ateratzea da, eta horretarako kolpe luze eta indartsuak jotzen ditugu. Bigarrena enborra erdibitzea da, eta hor kolpe azkarrekin konbinatutako punteria ezinbestekoa da.

Zer esango zenioke herri kiroletara hurbildu nahi duen gazte bati?
Animatu dadila. Probatzeagatik ez da ezer gertatzen. Aizkorara hurbildu nahi duen edonork badu gurekin harremanetan jartzeko aukera. Behin probatuta ziur ez dutela utzi nahiko.
Azken urteotan geroz eta gehiago dira herri kirolari lotutako telebista saioak, txapelketa formatu berriak… Haize freskoa dator bertatik?
Bai, horrek guztiak herri kirolen profesionalizazioa dakar nolabait eta hori positiboa da. Txapelketa konkretu batzuetatik haratago aukera ematen dute lehiaketa berrietarako prestatzeko ere. Harri Herri izan daiteke horren adibide argia. Zertzena taldearen txapelketan izan dira bertatik igarotakoak, eta oso maila ona eman dute gainera.
Noraino nahiko zenuke iritsi zuk?
Ba ez dakit. Nahiko nuke Nerea eta Oihana dauden mailara iristea. Egundoko segurtasuna transmititzen dute plazan eta nik ere maila horretan egon nahi dut, baina ez dut presarik.
Jendea asko harritu da aizkoran aritzen zinela jakiterakoan?
Bai eta ez. Denbora asko neraman honekin matraka ematen; batek baino gehiagok pentsatuko zuen, banuela garaia pausoa emateko (barreak).
Egia da behin txapelketa eta erakusketetako argazkiak erakutsita askoz gehiago direla harritzen direnak. Irudi potentea da aizkolariarena azken finean.