CORIA ALI MUSA

“Egoera larria da Mendebaldeko Saharan, baina medioek ez dute horretaz hitz egiten”

Maider Ramirez Martin 2026ko ekainaren 30a

Marokoko armadak Coria Ali Musaren lehengusua hil du berriki, Fronte Polisarioaren aurka egindako erasoan. / Aiaraldea.eus

CORIA ALI MUSA (Aaiun, 1977) Oporrak Bakean programarekin joan zen Cadizera txikitan, eta Laudiora lan bila heldu zen 2017an. Bere bizitzaz eta Mendebaldeko Saharak bizi duen egoeraz mintzatu da gurekin.

Laudion bizi zara. Noiz eta nola heldu zinen?

Hogeita hamar urte baino gehiago daramatzat espainiar estatuan. Oporrak Bakean ekimenarekin Cadizera joan nintzen; haur errefuxiatu sahararren harrera programa da hori. Bertan familia batek hartu ninduen eta haiekin geratu ahal izan nintzen, gaixotasuna zela eta, arreta medikoa jaso ahal izateko. Hamabost urte nituen orduan, eta oso gogorra egin zitzaidan nire familia biologikoarekin ezin itzultzea. Baina beharrezkoa zen medikuarenera joan ahal izateko eta gero ikasi ahal izateko. Saharan aukera gutxi izango nituen.

Cadizen erizain-laguntzaile izateko ikasi nuen eta gero hainbat lekutan egon naiz lanean: Valentzian, Madrilen… Euskal Herrian senide eta lagun batzuk nituen eta haiek esan zidaten agian hemen erraz topa nezakeela lana. 2017an iritsi ginen alaba eta biok. San Roke adinekoen egoitzan egiten dut lan orain.

Harrera ona egin zizuten? 

Ni Andaluziatik nator eta bertakoen izaera oso ezberdina da, oso irekiak dira. Hemen, orokorrean, ez didate ezer txarrik esan, baina auzokide batzuei, adibidez, kosta egiten zaie agurtzea.

Laudion saharar komunitate handia dago, asko babesten duzue elkar?

Bai, asko. Norbait berria badator, edo norbaitek laguntza behar badu, guztion artean ematen diogu babesa, bakoitzak ahal duenaren arabera. Etawasol elkartea ere ba dago, ni bertako kidea naiz. Saiatzen gara Saharako egun tradizionalak ospatzen, esaterako, maiatzaren 20an, askapen nazionaleko borrokaren hasiera gogoratzen dugu, eta urriaren 12an batasun nazionalaren jaia ospatzen dugu. Martxoaren 8ko ekintzak ere antolatzen ditugu, besteak beste. 

Oso presente daude emakume sahararrak aldarrikapenetan. 

Bai, oso borrokalariak gara. Saharan, emakumeek ateratzen dituzte familiak aurrera, baina horrez gain, antolatzen dira eta ez daude bigarren planoan. Ez daude gizonek zer egingo duten zain. 

Topatu duzu antzekotasunik Euskal Herriaren eta Mendebaldeko Sahararen artean? 

Hemen oso ondo bizi zarete, baina sahararron antzera zuen lurraren, independentziaren eta hizkuntzaren alde borrokatzen ari zarete. Horregatik sahararrek emigratzen dutenean hona etorri nahi dute, ondo etorriak izango direlako.

Nolakoa da saharrar herriaren egoera?

Egoera larria da Mendebaldeko Saharan, baina medioek ez dute horretaz hitz egiten. Maroko dronekin erasotzen hasi denetik sahararrek ez dute ezer egiterik, ez ihesbiderik. 

Ekaina hasieran Marokoko armadak Fronte Polisarioko hiru kide erail zituen, Lehbib Abdelaziz Fronte Polisarioko komandantea zen horietako bat, eta nire lehengusua beste bat. Mohamed Abdelaziz Mendebaldeko Saharako presidentea izandakoaren semea zen komandantea eta horregatik agertu da albistegietan, baina bestela, oso gutxi hitz egiten da bertan gertatzen ari denaz. 

Laguntza humanitarioa dagoeneko ez da lehen bezala iristen, txikia da, eta kanpoan seniderik ez dutenek halamoduz biziraun behar dute. Nik zorionez nire familia lagundu dezaket hemen lanean egoteari esker. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide