Aimar, brontzezko domina eskuratu duzu Espainiako Fisika Olinpiadetan. Ezer baino lehen, zertan datza mota horretako olinpiada bat?
Aimar Garcia-Retamero Alba: Batxilergoan ematen den teoria jorratzen da olinpiadetan, baina gero egiatan unibertsitateko maila duten problema matematiko eta fisikoak jorratzen dira.
Julen Arriaga Arizmendi: Ni olinpiaden antolakuntzan sartuta egon naiz eta tokiko faseko bi problema jarri ditut. Gaiak badira Batxilergoan ematen direnak baina beste ikuspuntu batetik landuta, askoz zailagoa. Ariketen maila bai dela unibertsitatean dagoenaren tankerakoa.
Fase nazionala hasi baino lehen tokiko fasea dago. Horretarako azterketa bat egin zuten urtarrilean. Fase teoriko bat izan zen, probintziaka egin zena. Ni Bizkaian aurkeztu nintzen, Leioako Unibertsitatean. Azterketa teoriko moduko bat egin genuen bertan, baina ez zen zaila, bazen gero Euskadiko fasera igarotzeko.
Hamar kide inguru egon ginen Euskadiko fasean. Azterketa esperimentala egin genuen bertan. Datuak esperimentalki hartu behar genituen.
"Gaiak badira Batxilergoan ematen direnak baina beste ikuspuntu batetik landuta, askoz zailagoa. Ariketen maila bai dela unibertsitatean dagoenaren tankerakoa"
J.A.A: Azterketa hori bideratuagoa zegoen neurketen tratamendura: gauza bat neurtuta nola lortu dezakedan beste bat. Hortik hiru pertsona sailkatu ziren Espainiako norgehiagokara joateko. Asteburu osoa igaro genuen Zaragozan. Egun batean bi azterketa izan zituzten, esperimentala bata, eta gero, arratsaldean, teorikoa.
A.G.A: Goizeko azterketa esperimentala hiru ordukoa izan zen. Atseden bat izan genuen jateko eta arratsaldeko teorikoa lau ordukoa izan zen.
J.A.A: Problema oso luzeak izan ziren, hainbat orritakoak, kontuz irakurri behar zenituenak. Baina zuk oso ondo egin zenuen azterketa hori.
A.G.A: Teorikoa oso ondo egin nuen, bai.
Eta praktikoa?
A.G.A: Ez hainbeste (barreak).
J.A.A: Hainbat domina banatu ziren, noten arabera.
A.G.A: Lehengo hamarrek urrezko domina jaso zuten eta lehen bostak nazioarteko txapelketa baterako sailkatu ziren. Hurrengo bostak, aldiz, txapelketa iberoamerikarrera joan ziren.
J.A.A: Zilar eta brontzezko domina eskuratzen zutenak ez ziren beste txapelketa baterako sailkatzen.
A.G.A: Baina diploma eta brontzezko domina dugu behintzat (barreak).
Aimar, zerk motibatu zintuen txapelketan parte hartzera?
A.G.A: Nire irakasleak proposatu zidan aurkeztea. Gure institutuan ez du inork olinpiada honetan parte hartu, orain arte. Niri asko gustatzen zait fisika eta aurrera egitea erabaki nuen.
J.A.A: Ni antolakuntzan egon nintzen sartuta eta antolatzen zuen irakasleak esan zidan olinpiadara aurkeztu ziren gehienak ikastetxe pribatuetakoak zirela. Badut arantzatxo bat sartuta: bere garaian nik argi nuen fisika ikasi nahi nuela baina inork ez zidan esan fisikako olinpiadak existitzen zirenik. Gure irakasleari esan nion eta, txapa eman ostean, Aimarri esan zion, eta eskerrak.
"Badut arantzatxo bat sartuta: bere garaian nik argi nuen fisika ikasi nahi nuela baina inork ez zidan esan fisikako olinpiadak existitzen zirenik. Gure irakasleari esan nion eta, txapa eman ostean, Aimarri esan zion, eta eskerrak"
A.G.A: Kezkatuta gaude institutu publikoetan irakasleek ez dituztelako ikasleak bultzatzen horrelako gauzetan izena ematera. Nire kasuan bai, baina izan zen Julenek esan zuelako.
Nahiko genuke jende gehiagok ematea izena, aurten oso ikasle gutxi egon ginelako Euskadiko fasean: 30 guztira, 10 probintzia bakoitzeko. Nire ustez, hurrengo urteetan pertsona gehiago apuntatu ahalko lirateke, fisika geroz eta popularragoa izateko.
J.A.A: Jakina da institutu pribatuek ikasleak entrenatzen dituztela eta animatzen dituztela horrelako txapelketetan parte hartzera, haiei izen-ona ematen dielako. Baina institutu publikoetan ere maila oso ona dago, eta irakasleak animatu nahiko genituzke ikasleen artean parte hartzea sustatzera.
A.G.A: Espainiako fasera hiru pertsona joan ginen, beste biak institutu pribatuetakoak izan ziren, eta ni sailkatu nintzen Euskadiko hoberena bezala. Ez dut horrekin esan nahi onena naizenik inondik inora (barreak); baina banaiz institutuko publiko batekoa. Talentu handiago dago institutu publikoetan eta uste dugu desprobetxatzen ari dela.
Nola animatuko zenituzkete zuek ikasleak horrelako proba batean parte hartzera?
A.G.A: Esperientzia bat bezala ulertu behar dituzte mota honetako olinpiadak. Izan da asteburu bat lagunak egiteko, Erasmus bat bezala. Ez ginen beste herrialde batera joan, baina beste probintzia batera bai, turismoa egin genuen eta pertsona asko ezagutu genituen. Ez da bakarrik problema matematikoak egitea. Lau egun egon ginen Zaragozan, eta egun bakarra igaro genuen ariketak egiten. Esperientzia ez da bakarrik akademikoa, soziala ere bada.
"Jakina da institutu pribatuek ikasleak entrenatzen dituztela eta animatzen dituztela horrelako txapelketetan parte hartzera, haiei izen-ona ematen dielako. Baina institutu publikoetan ere maila oso ona dago"
J.A.A: Fisika ikasi nahi baduzu, olinpiadek aukera ematen dizute hurrengo urtean karreran izango dituzun lagunak ezagutzeko. Horrek ere balio du harremanak egiteko.
Nola prestatzen zara horrelako txapelketa baterako?
J.A.A: Beste urte batzuetako azterketak egiten…
A.G.A: Bada selektibitatea bezala, ariketak egiten ikasten da. Matematikak badu bere alde teorikoa, baina matematika zein fisika ikasteko problemak ebatzi eta ebatzi behar dira.
J.A.A: Ulertu egin behar duzu zer egiten zauden. Ez datza gaia buruz jakitean, problemak orokorrean ebazten jakin behar duzu.
Zer nolako esperientzia izan da?
A.G.A: Urduritasuna izan dut, presioagatik, nazioarteko fasera pasa nahi nuelako. Baina esperientzia oso polita izan da, fisika ikasi nahi duten pertsonak nolakoak diren ikusi ahal izan dudalako.
J.A.A: Batzuetan dirudi arraro batzuk garela fisikan sartuta gaudenak.
A.G.A: Baina ez, oso jatorrak zarete (barreak). Uste dut fisikak oso etorkizun oparoa duela.