Jesus Guridi plaza berritzeko aurreproiektua udal batzordean landuko dute laster, Ainize Gastaka alkateak Aiaraldea Komunikabideari azaldu zionez Azalera podcastean. Pasa den astean bisitatu zuen hedabidea udalburuak eta azpimarratu zuen hurrengo batzordean landuko dutela oposizioko taldeekin.
Halaber, EH Bilduko ordezkariak leporatu zion EAJri gaia baliatzea zarata sortzeko: "Atera duten azken prentsa oharra baino bi aste lehenago, batzorde batean jakinarazi genien hurrengoan jorratuko zela".
Berez, alkateak egotzi dio oposizioko alderdi nagusiari kritika egitea jakinda urrats horiek betetzear zeudela: "Enpresari azken oharrak egiten ari genizkion aurreproiektua amaitzeko".
Auzokideekin irailean
Halaber, Gastakak aurreratu zuen uztailean egitasmoa prest izan arren ez dutela bilera deituko Jesus Guridi plazako herritarrekin irailera arte. Izan ere, uste dute udako oporretan batzarra egiteak ez lukela parte hartzea bermatuko.