Familia bat kalean geratuko da igande honetan Laudion, epaileak okupazioagatik kondenatu eta kautelazko kaleratzea agindu ostean. 64 eta 60 urteko bikote bat dira, aljeriarrak jatorriz. Gizonak hiru urte daramatza Espainiako estatuan bizitzen. Emakumea, aldiz, iaz iritsi zen. Handik gutxira iktus bat eman zion, eta medikamentu ugari hartu behar ditu orduz geroztik.
Laudiora iritsi baino lehen hala moduz bizi ziren, ezagunen etxeetan, alokatutako gelaren batean edo kalean lo egiten. Hala azaldu du gizonak: “Hiru urte daramatzat Euskal Herrian bizitzen, eta denbora guztia igaro dut etxea bilatzen: Barakaldon, Muskizen, Bilbon… Topatzen nuen pertsona orori galdetzen nion ea alokatzeko pisurik ezagutzen zuen”. Nabarmendu duenez, etorri zenetik darama baita ere Etxebiden izena emanda.
Bere hitzetan, modu horretan egin zuen topo Laudioko pisua alokatu zien pertsonarekin. Hala kontatu dio Aiaraldea Komunikabideari: “Bilboko San Frantzisko auzotik galdetzen nengoen pertsona bat hurbildu zitzaidanean, autoktonoa. Etxea bilatzen ari nintzen galdetu zidan. Nik baietz esan nion. Berak esan zidan bi zituela, bat San Frantziskon bertan eta beste bat apur bat urrunago, Laudion, merkeagoa zena. Nik esan nion Laudiokoa nahiago nuela. Hasieran kokapena bidaliko omen zidan, baina gero esan zidan trena hartzeko eta Laudion geratzeko, eta bertan toki zehatz bategatik (etxetik hurbil dagoena) galdetzeko, bertan geratuko ginela. Bera iritsi zenean etxera igo ginen. Portaleko atea ireki zuen giltza digital batekin, eta etxekoa gero, beste giltza batekin. Nik ez nuen etxea aurretik ikusterik izan, baina ez dut ezta ere aukeratzeko betarik: lau pareta eta ate bat ziren, babesleku bat”.
“Bilboko San Frantzisko auzotik galdetzen nengoen pertsona bat hurbildu zitzaidanean, autoktonoa. Etxea bilatzen ari nintzen galdetu zidan. Nik baietz esan nion. Berak esan zidan bi zituela, bat San Frantziskon bertan eta beste bat apur bat urrunago, Laudion, merkeagoa zena"
Azaldu duenez, 500 euroko alokairua proposatu zion etxearen ustezko jabeak, eta bi hilabeteko errenta jartzea fidantza moduan. Ez zuen zalantzarik izan: “Nik berehala onartu nuen. Gela bat bilatzen nuen, eta pisu batekin egin nuen topo 500 euroren truke”.
Tratua eginda, etxeko giltza eman zion: “Atariko giltzagatik galdetu nion. Esan zidan bakarra zuela, kopia bat egingo zuela eta itzuliko zela. Giltza digitala zenez, beste 250 euro emateko eskatu zizkidan kopia horiek egiteko. Kopiak egitera joan zen, eta ez zen berriro itzuli. Nire emaztearen bila joan nintzen orduan, ezagun baten etxean lotan zegoena. Biak etorri ginen hona. Hastear zegoen asteburua. Horregatik, pentsatu genuen etxearen jabea astelehenean bertaratuko zela agian. Baina ez zen berriro agertu”.
Ustezko jabea agertzen ez zela ikusita, Udalera jotzea erabaki zuen familiak. “Ez dut inoiz alokairu kontratu bat sinatu herrialde honetan, ez nuen prozedura ezagutzen. Udaletxera jo genuen orduan, errolda eskuratzera”, azaldu du gizonak.
Baina erroldatzen saiatu zirenean Udala etxearen egiazko jabeekin jarri zen harremanetan, gaiaz galdetzeko. Jabeak udaletxera bertaratu ziren orduan. Familiaren hitzetan, orduan konturatu ziren okupatutako etxebizitza batean zeudela eta alokairuarekin iruzur egin zietela. Gauzak hala, salaketa jarri zuten Udaltzaingoan, etxearen jabeek okupazioa Ertzaintzan salatzen zuten aldi berean. “Udaltzaingoan jartzeko esan ziguten jabeekin polizia-etxean ez kointziditzeko, eta Udaleko langile batek itzultzaile lanak egin ahal zituelako”, azaldu dute.
"Atariko giltzagatik galdetu nion. Esan zidan bakarra zuela, kopia bat egingo zuela eta itzuliko zela. Giltza digitala zenez, beste 250 euro eman eskatu zizkidan kopia horiek egiteko. Kopiak egitera joan zen, eta ez zen berriro itzuli"
Epaiketan, kondenatuta
Jabeek salaketa jarrita, maiatzean izan zen epaiketa Amurrion. Bertan itxaropen errainu bat agertu zitzaion familiari, jabeek prestutasuna erakutsi zutelako alokairu kontratu bat egiteko. “Oso albiste ona zen hori. Jabeak zein gu gara kontu honetako biktimak. Noski ados nengoela pisua alokatzearekin”, azaldu du gizonak.
Epaiketa bi astez atzeratu zen orduan, balizko akordio bat lortzen saiatzeko. Hurrengo hitzorduan, aldiz, ateak itxi ziren. “Jabeek esan ziguten ez zutela akordiorik nahi eta epaiketa egingo zela”.
Gauzak hala, akusatuen aulkian eseri eta epailearen aurrean kontatu zuten arestian azaldutakoa, baina honek ez zien sinetsi. Sententziaren arabera, familiako bi kideen lekukotzak ez du sinesgarritasunik ez zutelako etxea alokatu zien pertsona identifikatzeko inolako daturik eskaini eta ez zutelako eginiko ordainketaren egiaztagiririk aurkeztu, besteak beste. Era berean, epaileak ere harrigarritzat jo zuen etxea alokatu zien pertsonak atariko giltza eman ez izana.
Akusazioak ere leporatu zien dena muntaia izatea errolda eskuratzeko, emakumeak osasun arreta jasotzeko eskubidea izateko.
Gauzak hala, epaileak usurpazioagatik kondenatu zuen bikotea, 1.200 euroko isuna ezarriz orotara. Horrez gain, kautelazko kaleratzea ere agindu zuen sententzian. Horregatik, familiak epaia errekurritu duen arren, desalojo aginduak bere bidea egin du, helegitearen ebazpenera itxaron gabe. Atzo jaso zuten etxea bi eguneko epean uzteko errekerimendua, hori ez egitekotan agindu judiziala ez betetzea leporatuko dietela ohartarazita.
Epaileak ez du familia sinetsi eta 1.200 euroko isuna eta kautezlako kaleratze agindua ezarri die. Familiak helegitea jarri du, baina kaleratze aginduak bere bidea jarraitu du.
Noski, familia ez dago ados sententziarekin, eta horregatik jarri du helegitea, kaleratzea berdin-berdin gauzatuko den arren. “Pertsona nagusiak gara, ez gatoz hona jolastera, iruzur egitera edo engainatzera. Ez dugu gezurrik esan edo gatazka hauetan esateko beharrik”, ziurtatu du emakumeak. Antzekoa dio gizonak: “2023tik daramat hemen. Inoiz ez naute kontrol batean ere gelditu. Inoiz ez naiz 'okupa' moduan egon eta inoiz ez dut legez kontrako ezer egin. Eta orain iruzur egin eta zaku berean sartu gaituzte”.
Udaletik eta bestelako erakunde publikoetatik, alternatibarik ez
Dena dela, epaileak keinu txiki bat egin zion familiari, sententzia zerbitzu sozialetara helaraztea aginduta, “behin kondenatutako pertsonen egoera aztertuta, beharko luketen laguntza eman diezaieten”. Baina laguntza hori ez da iritsi. Salatu dutenez, Udalak ez die bizitoki alternatibarik eskaini, bertako zerbitzu sozialetan hainbat aldiz egon diren arren eta etxean erroldatuta dauden arren.
Salatu dutenez, Udalak ez die bizitoki alternatibarik eskaini, bertako zerbitzu sozialetan hainbat aldiz egon diren arren eta etxean erroldatuta dauden arren.
Bizilagun baten erasoa
Kaleratze mehatxuaz gain, bizilagun batzuen jarrera oldarkorra ere pairatu behar izan duela dio familiak. Azaldu dutenez, atariko giltzaren faltan, auzokideen joan-etorriak baliatu behar dituzte pisura sartzeko, eta une horietako batean eraso bat pairatu zuen emakumeak, beste emakumezko baten partetik: “Eskua jarri nuen atea irekita mantentzeko eta orduan zabor poltsa batekin jo ninduen hainbat aldiz eskuan, atea askatu nezan. Poltsa barruan kristalezko zerbait zegoen, eta eskumuturra izorratu zidan”. Ospitalera joan zen lesio partea egitera, eta salaketa jarri du Ertzaintzan.
Kontatu dutenez, beste bizilagun batek ere traba egin die etxera sartzen saiatu direnean. Dena den, gertakari horiek ez dira egoera orokortu baten isla, gainontzeko auzokideekin ondo moldatzen direla ziurtatu baitu bikoteak: “Atea irekitzen digute, baita haurrek ere. Bizilagun batek esan digu ondo egin genuela gertatutako erasoa salatzen”.
Igandean etxerik gabe
Gorabehera horiek guztiek, baina, iraungitze data bat dute: igande hau. Ordurako etxea utzi beharko du bikoteak, eta ez dakite nora joko duten: “Udala ez da berriro gurekin harremanetan jarri, egoeraren jakitun den arren. Ez digute ezer galdetu. Igandean kalera goaz eta ez dugu nora jo”.