Aurtengo Laudioko jaiak hasteko aste gutxi batzuk geratzen diren honetan, EAJk oharra zabaldu du salatzeko oraindik ez duela jaso 2025eko festen gastu osoa, "batzordeetan, osoko bilkuretan, Gobernu Batzordeetan eta erregistro ofizialetan behin eta berriz eskatu" arren.
Jeltzaleek azaldu dutenez, iazko irailean egin zuten lehendabiziko eskaera, baina Udalak emandako informazioa "osatu gabea eta okerra" zenez atzera bota eta berriz ere eskatu zuten.
2025eko udako jai eta Gabonei eta aurtengo inauteriei lotutako gastuak eta eszenatokiekin, karpekin, agertokiko kamioiekin, mahaiak eta aulkiak alokatzearekin eta bestelako zerbitzuekin lotutako kontratuak jaso nahi ditu oposizioko taldeak, "diru publikoaren kudeaketa fiskalizatu ahal izateko".
Hainbat bide instituzionaletik eskaera egin dutela azaldu du Maite Cortazar zinegotziak eta galdetu du eta gogorarazi du Gobernu taldeak oposizioari informazioa ematea oinarrizko betebeharra dela. Bide horretan, nabarmendu du talde politikoentzako informazioa eskuratzeko udal-protokoloak prozedura eta epe batzuk ezartzen dituela, eta, oposizioko alderdiaren ustez, "behin eta berriz urratzen direla".
"Gardentasun falta"
EAJk jopuntuan jarri du tokiko gobernuaren gardentasun falta egoerak "jaietako gastuen zenbateko zehatza gainditzen" duela iritzita: "Gardentasuna ez da soilik parte-hartzeaz edo gobernu irekiaz hitz egitea. Informazio publikoa ematea ere badakar, udal-taldeok gure kontrol-funtzioa betetzeko eskatzen dugunean. Sarbide hori galaraztea edo oztopatzea laudioarrek agindutako lana oztopatzea da", adierazi du zinegotzi jeltzaleak.
Egoera hori denboran hainbeste luzatzea "bereziki larria" da oposizioko taldearentzat eta horregatik beste behin ere eskatutako dokumentazio guztia bidal diezaiela eta udal taldeen eskubideak errespeta ditzala exijitu dio EH Bilduri.