Iosu Vaquerizo pozik dago Mammoth Lakes zinema jaialdian izandako esperientziarekin. Bere ustez, jendeak gogoko izan zuen The Glass Magazine, bere azken filma, eta egonaldiak harremanak egiteko balio izan zion. Gainera, Brightonera itzuli eta gutxira hiri horretan ere aurkeztu zuen pelikula.
Kaliforniako mendi elurtuen artean egiten da festibala eta pelikula gehienak gauez basoan proiektatzen dituzte. Zinemagileak aipatu du antolatzaileek aholkatzen dutela autoen barruan janaria ez uzteko, hartzak ez erakartzeko. Vaquerizok arrisku kutsua kendu nahi izan dio horri: "Hartzak ohituak omen daude gizakiak ikustera eta ez dute erasotzen. Edonola ere, europarrok gauez itzultzen garenez jartzen dizkiguten etxola erosoetara, adi egoteko eskatzen digute, hartz eta koioteekin topo ez egiteko".
The Glass Magazine
Aurkeztu duen filmari dagokionez, zuzendariak azaldu du fikziozko lana dela, baina Brightonen oso berezia izan den eraikin baten azken egunak jasotzen dituela, nahigabe: "Eraikin garrantzitsua zen hirian, artista eta musikariei alokatzen baitzioten, baina egun batetik bestera eraistea erabaki zuten eta korrika eta presaka grabatu behar izan genuen pelikula".
Laudioarrak azpimarratu du pelikulan Brightongo musikari ugari agertzen direla eta hiria ezaguna dela daukan sorkuntza giroagatik.
42 minutuko fizkiozko filmak musika esperimentala sortzen duen neska bat du protagonista eta zuzendariak aipatu du "bizitza alternatiboetan sartzeko" balio duela.
Berez, protagonista etxebizitza batean geratzen da bizitzen txakur bat zaintzearen truke eta Vaquerizok erantsi du istorio bitxia dagoela animaliaren hautaketaren atzean: "XVII. mendean girotutako film batean ari nintzen lanean estra moduan, garai horretaz jantzita. Bi egunez egon nintzen horrela, eta ez nuenez grabatu, paseoa egitera atera nintzen. Txakurra paseatzen ari zen gizon batekin egin nuen topo eta berarekin hasi nintzen hizketan. Gero nirekin etorri zen grabaketara eta bere txakurra The Glass Magazinerako ideala izango zela pentsatu nuen".
Venice Beach
Ez da lehen aldia Mammoth Lakes jaialdiaren gonbidapena jasotzen duela zinemagileak eta aurrekoan bezala, Venice Beachen lo egitea erabaki zuen. Vaquerizok azpimarratu du toki hori hautatzen duela bi arrazoirengatik. Alde batetik, zinema industria hasi aurretik kostaldeko herri hori jadanik existitzen zelako eta bere izaera mantendu duelako (Santa Monica bezala).
Bestetik, Venice Beacheko hamaika txoko ezagunak dituelako telesaioetan (Pacific Blue, Baywatch, Beverly Hills, 90210...) eta filmetan (Touch of evil, A Nightmare on Elm Street, Romy and Michele's High School Reunion, Falling down, White Men Can't Jump, Cobra, To Live and Die in L.A...) agertzeagatik edo garrantzitsuak direlako pop kulturan (Arnold Schwarzneggerrek ospetsu egindako gimnasioak edota skate kirola asmatu zuten pistak eta Stacy Peralta eta Tony Alva bezalako skaterrak erabili dituztenak).