Kultur sorkuntza Aiaraldean

'Ez zAud3': Unax Martin aretarraren lehen kanta, gaur gauetik aurrera entzungai

Maider Ramirez Martin 2026ko uztailaren 9a

Unax Martin gaur kaleratuko duen bideoklipean.

Jaietan gertatu daitezkeen egoerak abestu eta irudikatu ditu bere lehen abestian, doinu dantzagarri eta autotuneaz lagunduta. Gaur gaueko hamabitan kaleratuko du kanta.

Musikan estreinatuko da gaur Unax Martin aretarra, UNAX<3 izen artistikoarenpean, bere lehenbiziko kanta kaleratuko baitu gauerdian: Ez zAud3. Mixino ekoizlearekin batera grabatu du abestia, eta jaietan gertatu daitezkeen egoerak hartu ditu hizpide: "Bikotekide ohien mezuak edo gustuko duzun pertsona bat txosnetan ez aurkitzea", esaterako. 

Aiaraldea Komunikabideari kontatu dionez, gazte-gaztea zenetik hasi zen UNAX<3 freestyle lehietan parte hartzen, eta rap eta boombap estiloko abesti asko ere idatzi ditu. Ez du orain arte horiek grabatzeko urratsa egin, ordea, eta bere lagunei baino ez dizkie kantatu. 

Bideokliparen teaser bat argitaratu du gazte aretarrak Instagram sare sozialean (@unaxxmm), eta 11.000 ikustaldi baino gehiago jaso ditu dagoeneko. Ikus-entzunezko pieza Maite Gomez Abrisketa ugaotarrak ekoitzi du eta Aretako Aratz tabernan grabatu dute. 

Erreferenteengatik galdetzean, musika estilo anitzak gogoko dituela kontatu du UNAX<3ek, punka, rapa eta rocka, esaterako. Dena den, euskal musikaren eszena berrira "engantxatuta" dagoela dio: Chill Mafia, Aimarz, Hofe, Zilibito Records... izan ditu Ez zAud3 sortzeko erreferente nagusiak. 

Hasieran kanta hau grabatu eta kaleratzearena "ondo pasatzeko eta erdi txantxetan" hasi bazen ere, aretarrak aitortu du oso ondo pasatu duela prozesuan, familia eta lagunei asko gustatu zaiela eta musika gehiago egiteko gogoarekin geratu dela. 

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide