Laudioko Udalak adierazpen publikoa egin behar izan du "sare sozialetan zabaldutako buloa" gezurtatzeko. Izan ere, tokiko erakundeak argitu duenez, legionella bakterioaren presentziak segurtasun protokoloek markatzen dutena gainditzen du lau azpiegitura publikotan eta osasun neurriak hartu dituzte erabiltzaileek harremanik ez izateko urarekin.
Hala ere, Udalak ukatu du bakterioaren presentzia igerilekuetan eta ziurtatu du egoera segurua dela azpiegitura horretan.
Berez, legionella Gardeako kirolgunean, Aretako frontoian eta Kultura Etxean eta Altzarrate futbol zelaian agertu da eta Udalak ekin dio egoera konpontzeari.
Hori dela eta, erabiltzaileek azpiegitura horiek baliatu ahal izango dituzte, baina ezingo dute harremanik izan hango sareko urarekin.