San Joan Astobitzako kofradia bazkaria: mende erdi baino gehiago baselizako arkupean

Maider Ramirez Martin 2026ko uztailaren 12a

1970ean San Joan Astobitzako kofradia bazkaria lehenengoz antolatu zeneko irudi bat. / San Joan Astobitzako Kofradia

1970ean elkartu ziren lehen aldiz Landaluze eta Larrazabal auzoetako 30 gizon San Joanen omenezko kofradia bazkaria egiteko. Mende erdi baino gehiago igaro da geroztik eta oraindik ere urtero ermitaren arkupetan mahaia jartzen dute kofradeek, jaiak agurtzeko. Hainbat gauza duela 50 urte bezala jarraitzen badute ere, beste batzuk dezente aldatu dira.

“Egun on bat” ospatzeko asmoz antolatu zuten lehenbizikoz San Joan Astobitzaren omenezko kofradia bazkaria, 1970eko ekaineko azken igandean. 30 gizon elkartu ziren eta bertan erabaki zuten nolakoa izango zen menua, bai eta ospakizunaren inguruko gainontzeko estatutuak: oihalezko mahai-zapi eta ahozapi zuriak jarriko ziren mahaiak, eta edalontziak eta platerak toskazkoak izan beharko ziren. 

Menua bapo jartzeko modukoa izango zen: hasteko babarrun-salda eta ostean babarrunak sakramentuekin, bigarren platera arkumea izango zen, Larrazabal auzoko larretan hazitakoa, ohikoan Ibarrola edo Lekandazar baserrietan. Postrerako mamia eta gaztanbera prestatu ohi zuten. 

Edaria ere ez zen falta mahaian, baina urik ez zen aurkituko orduan: ardoa pitxerrean, koñaka, uxuala eta kafea. Ohikoa zen ere Farias puru bat erretzea bazkalostean. 

Alkandora zuria zeramatzaten gizonek, eta botoi-zuloetako batean bi gerezi txortenetik lotuak, adiskidetasuna, maitasuna eta sentsualitatea irudikatzeko.

Tradizioa garaian garai

70eko hamarkada hartan, Kasille baserrian prestatu ohi zuten kofradia bazkaria, eta Arasketa tabernan ostean. Astobizarenean labe bat ere alokatzen zen egunerako ogia prestatzeko. Gurdigilea jatetxean ere kozinatu zuten maiz San Joanen omenezko bazkari hura, Enrique Gastakaren eskutik lehenengo eta Andoni Herrerarenetik gero. Herrera zendu zenean, Karrika jatetxean prestatzeari pasa ziren, gaur egun arte. 

Baina sukaldea ez da izan urte hauetan guztietan aldatu den gauza bakarra, menua ere ezberdina baita: bakailaoa prestatzen dute orain, piper eta tomate saltsarekin, arkumea ere jaten dute eta postrerako goxua, flana eta kopak. 

Emakumeen parte-hartzea

Mahai gainean ez ezik, mahaiaren bueltan ere aldaketak egon dira mende erdi honetan. Duela hogeita hamabost bat urte Larrazabal eta Landaluzeko emakumeek auzoko jatetxe batean elkartzen hasi ziren, egun hartan haien kabuz bazkaltzeko. Ez zen 2024ra arte izan kofradiako zuzendaritzari bertan haiekin parte hartzeko proposamena egin zietela.  Proposamena onartu zuten gizonek asanbladan, eta beraz, aurten hirugarren urtez parte hartu dute emakumeek ere kofradia bazkarian. 

Ereserki berria

Aurten, kofradiako kideek urtero ekaineko lehen igandean egiten duten asanbladan, Ruperto Urkijoren Mañanas de San Joan kantaren hirugarren zatia kofradiaren abesti ofiziala izatea proposatu zuen Gaya kide historikoak. 

Aho batez onartu zuten, eta beraz, ekainaren azken igandean egindako bazkarian Arloteetako kide Floren Arzak soinuaz girotu zuen bazkalostea, garai batean ere, kofradiako lehenengo kideek egin ohi zuten bezalaxe.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide