Zikin eta dotore: Graffiti berria Faktorian

Aitor Aspuru Saez 2026ko uztailaren 17a

Zikin taldeko kide batzuk graffitiaren aurrean. / Aiaraldea.eus

Zikin taldeak bere gain hartu du Faktoriaren atzeko horma margotzea eta horretarako parte hartze prozesua burutu berri dute, emaitza bikainekin, gainera.

Atzo amaitu zuen Zikin tokiko graffiti taldeak —Graffestako antolatzaileak— Faktoriako atzeko hormaren margoketa. Irudi ederra utzi dute eta prozesu baten ondorioa izan da lana. Berez, sei egunez (orain arteko uztaileko hiru asteazken eta ostegunak, hain zuzen) eskaini dute trebakuntza eta aerosolak hartzeko aukera.

Zikineko kideek argitu dutenez, lehenengo saioak zirriborroak eta hizkiak nola egiten dituzten irakasteko baliatu zituzten. Gero trazuak nola egin eta ahoko ezberdinak zertarako erabiltzen diren azaldu zuten eta gainerako egunak hormaren gainean margotzeko.

"Azken hori izan zen parterik dibertigarriena. Hasi ginen pareta zentzu handirik gabe zikintzen kolore anitzekin, hondoko irudia horrela geratu zen arte. Gero modu garbiagoan sortu genituen letrak", aipatu du zikinkide batek.

Zikineko laupabost gazte aritu dira hitzordu guztietan eta Amurrio edota Luiaondoko gazteak batu dira. Dozena bat lagun elkartu dira batzutan, "bereziki horma zikintzeko, hori baita interesgarriena. Izan ere, hasieran ez zen jendea etortzen, ez duelako aparteko interesik teknikak ikasteko, baina margotzen hasi garenean gazteek erantzun dute", nabarmendu dute.

Parte hartzaileek diotenez, profilari dagokionez, denetarik egon da: "Batzuek aurretik margotu dute eta beste batzuek ez, baina egia da faltan bota dugula neska gehiago".

Graffitirako espazio segurua

Esperientziak zer suposatu dien galdetuta, sortzaileek argitu dute horma margotzea Faktoria eurena egitea izan dela: "Beste komunitate batera heltzeko bitartekoa izan da eta uste dugu pozik geratu dela emaitzarekin. Gure sormenarentzako eta egiten dugunarentzako espazio atsegin, seguru eta euskalduna eman digute".

Kultur Faktoriak, bere aldetik, Zikin taldeari proposamena luzatu zion udan esperientzia parte-hartzailea garatzeko. Gonbidapen horri erantzunez, taldeak horma irudi kolektiboa sortzea proposatu zuen, eskualdeko herritarrak grafitiaren mundura hurbiltzeko eta sormen kolektiboaren bidez espazioa elkarrekin eraldatzeko.

Jardueraren helburua izan zen parte-hartzaileei adierazpen artistikorako tresnak eskaintzea, grafitiaren kultura ezagutaraztea eta komunitatean sortzeko esperientzia partekatua sustatzea.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide