Mikel Jauregi Industria Sailburua eta Irantzu Allende Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun Sailburuordea Vidrala enpresako lantegian egon ziren atzo multinazionalak instalatu duen azpiegitura fotovoltaikoa inauguratzeko.
Berez, Vidralak 3,2 milioi euroko inbertsioa egin du eta Eusko Jaurlaritzak %25eko dirulaguntza eman dio, autokontsumo programaren barruan. Kalkuluen arabera, 1.909 CO2 tonaren isurketa ekidingo du, deskarbonizazioaren helburuarekin bat eginda.
Absentismoa eta gatazka soziala
Raul Gomez Vidralako CEOak hitza hartu zuen inaugurazioan eta adierazi zuen euskal industriak fronte ugaritan dituela mehatxuak, baina honako hauek dira nagusienak bere ustez: "Lan gatazkak eta absentismoa, gehiegizko erregulazioa eta Ekialde Hurbileko egoerak sortutako energia-kostuen krisia".
Halaber, enpresariak aldarrikatu zuen Europar Batasunean desregulazio gehiago behar direla lehiakorragoak izateko eta baita inbertsio handiagoa ere, jasangarritasuna lortzeko.