Nola erabaki duzue kuadrilla berri hau sortzea?
Iratxe Garcia: Institutuko hainbat talde batu gara kuadrilla berri bat egiteko. Ez genekien nola sortu. Jende asko saiatu da beste kuadrilla batzuetan sartzen, baina ez diete utzi.
Ainize Garcia: Jende asko ginen eta ezin ginen guztiak kuadrilla berean sartu. Horregatik erabaki dugu guztiak elkartzea eta talde berri bat sortzea.
Zenbat jende zaudete?
A.G.: 40 pertsona inguru gaude, ia guztiak urte berekoak, baina gero bakoitzak bere lagun-talde propioa dauka.
"Gure asmoa bada ondo pasatzea, jende berria egotea ekintzetan eta festaz gozatzea"
Nondik dator kuadrillaren izena?
I.G.: Txiripaz atera da kuadrilla sortzeko aukera, zorte hutsa izan da (barreak).
Aurtengoak izango dira zuen lehenengo jaiak kuadrilla moduan. Zein da zuen asmoa?
A.G: Aurten esan digute ez dugula ekintzarik antolatzeko, baina uste dugu parte hartuko dugula beste kuadrilla bati laguntzen. Gure asmoa bada ondo pasatzea, jende berria egotea ekintzetan eta festaz gozatzea.
Zer espero duzue Suziri Jai Batzordean parte hartzetik?
A.G.: Oraindik ez gaude oso kokatuta, baina badugu ekintza berriak sortzeko asmoa, Laudioko jaiak berpiztea modu batean eta ahal den moduan laguntzea dauden ohiturak eta kultura mantentzen.
"Bazkari ia guztiak dira kuadrillentzat, edota jokoak, eta talde horietako batean ez bazaude apur bat baztertuta sentitu zaitezke"
Zerbait botatzen duzue faltan jaietan?
I.G.: Azken finean jaiak badaude enfokatuak kuadrilletan pixka bat, eta hor sartuta ez bazaude aspertzen zara apur bat.
Zuek hori nabaritu duzue orain arte?
A.G.: Bai. Horregatik gustatuko litzaiguke ekintzak antolatzea kuadrilletatik kanpo dauden pertsonentzat. Azken finean, bazkari ia guztiak dira kuadrillentzat, edota jokoak, eta talde horietako batean ez bazaude apur bat baztertuta sentitu zaitezke.
Hori gertatzen zaie zuen belaunaldiko gazteei?
I.G.: Beste kuadrilla bat sortu da aurten, baina oraindik jende asko geratzen da kuadrilla gabe.
A.G.: Eta ez bakarrik gure belaunaldikoak, baita txikiagoak direnak ere. Kuadrilla batzuk oso nagusiak dira. Hori ez da euren errua (barreak), baina ez dugu elkar ezagutzen eta zaila da batzuetan elkar erlazionatzea. Horregatik, garrantzitsua iruditzen zaigu kuadrilla horiek berritzea.