ADAR ARTEAN ELKARTEA

"Gustatuko litzaiguke Laudioko entzierroen ohitura urteetan mantentzea"

Aimar Gutierrez Bidarte 2026ko uztailaren 23a

Entzierroetan presente egoteko asmoa adierazi dute elkarteko kideek. / Aiaraldea.eus

Entzierro eta bigantxen zaletasuna elkarbanatzeko ADAR ARTEAN ELKARTEA sortu du Laudioko gazte talde batek. Entzierroen ohitura mantentzea dute xede, eta elkarteko ateak zabalik daudela aldarrikatu dute.

Adar Artean Elkartea sortu duzue. Nondik dator elkartzeko nahia eta beharra?

Entzierro eta bigantxak gogoko ditugun Laudio eta Aiaraldeko gazteak gara. Batez ere Laudioko entzierroen inguruan elkartu izan gara. Nabari genuen gazte askok zituztela gogoko entzierroak, baina ez zegoen zaletasun hori sustatzeko elkarte edo talderik.

Horrelako ekitaldietara joan eta zaletasuna konpartitzeko toki eroso bat nahi genuen. Hori dela eta sortu genuen Adar Artean Elkartea 2025eko urte amaieran.

Aurretik ezagutzen zenuten elkar edo afizioak batu zaituzte?

Laudioko entzierroetan pertsona berdinak elkartzen ginen, eta elkar ezagutzen genuen. Elkarteak, ordea, gure arteko harremanak estutzeko aukera eskaini digu, eta zaletasun berdina duten beste pertsonekin denbora konpartitzeko.

Zenbat kidek osatzen duzue taldea?

Elkartearen zuzendaritzan hamabi kide gaude, baina taldean, orotara, 60 bat lagun batzen gara. Elkarteko ateak zabalik daude hurbildu nahi duen ororentzat.

Jendeari eskatu nahi diogu gugana hurbiltzeko lotsarik ez izateko. Edozein adinetako pertsonak dira ongi etorriak.

Festa sasoian murgilduta gauden honetan herriz herri aritu zarete.

Entzierro edo sokamuturretara taldean joan gara, denok batera: Durango, Tolosa, Eibar, Laguardia, Azpeitia, Los Arcos, Lizarra, Delika… San Ferminetan ere izan gara eta izugarria izan da.

Asko ziren festa batera edo bestera joaten ziren inguruko gazteak, baina orain denok batera joaten hasi gara. Askoz dibertigarriagoa da horrela, talde moduan eta lagun artean.

Izango zenuten aukera ere zaletasun hau duten Euskal Herriko beste gazte batzuk ezagutzeko ere.

Bai, badira gurea bezalako elkarte ugari Euskal Herrian; Durangon edota Getxon, esaterako. Durangoko taldea gure inspirazioa izan da Adar Artean Elkartea sortzeko. Euskal Zezenzale Elkarteak asko lagundu gaitu elkartearen tramite legalak bideratzen, Getxoko lagunak ere eskuzabal aritu dira gurekin.

Laudioko Jaiak ate-joka daude. Zer da prestatu duzuena?

Kamisetak atera ditugu jaietako entzierroetan eta jaiak iraun bitartean soinean eramateko. Elkartea eratu genuenetik genbiltzan kamisetak egin nahian. Lehenengo eskari bat egin berri dugu jaietako lehenengo txanpako entzierroetan karpa bat jarriko dugu zezen-plaza inguruan eskari berri bat bideratzeko. Gure kamiseta nahi duen orok postutik pasatzea besterik ez du.

Gustatuko litzaiguke datorren urtean entzierroetan parte hartzen duen orok gure kamiseta janztea.

Ez dugu astirik izan lehenengo urte honetan beste ezer antolatzeko, baina entzierro eta bigantxetan bertan izango gara: animaliak mugitzen, salto eta errekorteak egiten, jendea animatzen…

Datorren urtera begira ari gara gauza gehiago prestatzeko lanetan, ziurrenik Odoloste Eguneko arratsaldean ekitaldiren bat antolatuko dugu.

Aurten entzierro txikiak bueltan dira.

Oso harro gaude. 2022tik ez dagoela adingabeentzako entzierrorik Laudion, eta poztekoa da hori. Gutako asko kartoizko bigantxen aurkako pankartaren atzean izan gara.

Zer dute zuentzat berezia Laudioko entzierro eta bigantxek?

Txikitatik bizi izan dugun zaletasuna da. Gure entzierroa da. Gustatuko litzaiguke ohitura urteetan mantentzea eta ikuskizun gehiago antolatzea.

Irudikatzen duzue zuen burua, hemendik eta urte batzuetara, Laudioko entzierro eta bigantxen antolakuntzaren arduradun?

Bai, noski. Lan asko suposatzen du ardura horrek, baina gogotsu helduko genioke. Horretarako, ordea, dirua behar dugu, ganadutegiekin eta udaletxearekin hitz egin… Orain arte entzierroen inguruan aritu direnek pozik hartu dute gure sorrera, ikusten dute badagoela erreleboa eta badagoela jende gaztea ardura hartzeko prest.

Uste duzue aurreiritzi asko daudela zuena bezalako zaletasunaren inguruan?

Guk animaliak, zezenak, bigantxak… gustuko ditugu, beraz garrantzitsuena da animaliekiko errespetua izatea. Entzierro eta bigantxak maite ditugu, ez dugu gustuko animaliei min ematea. Entzierro eta bigantxak sustatzeko sortu dugu elkartea, ez dugu zerikusirik plazetako betselako “festejoekin”. Gure elkarteak ez du zerikusirik ez politikarekin ezta ere: elkarte irekia gara, gure zaletasuna konpartitu nahi duen orori zabalik dagoena.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide