Zer espero duzue Hardcore Hits Cancer kontzertuaren aurtengo edizioan?
Isra Fernandez: Nik urtero esaten dut gauza bera: espero dut sarrera guztiak saltzea. Nire ilusioa da, pertsonalki. Eta urtero sortzen den giro on bera eragitea. Ezin dugu gehiago eskatu.
Juan Jose Arto: Hori da, parte hartzea nahi dugu jendearen aldetik, antolatzaileen, laguntzaileen eta ikusleen aldetik. Hori hardcore eta punk-oi! bikaina entzunda. Giro eta atmosfera on hori sortzea da guk nahi duguna eta gauzak egiteko modu bakarra da guztion artean lan egitea. Eta Hugoren laguntza ere badugu, dena jartzen baitu.
Hugo: Nik jartzen dudan gauza bakarra da kamisetak.
J.J.A.: Ez da gutxi!!! (barreak)
Aurtengo taldeen aldetik, zer azpimarratuko zenukete?
I.F.: Betikoa. Talde ugarik eskaintzen dute bere burua. Agian Laudiotik kanpo erakargarriena Ultimo Recurso taldea da. Berriki atera dute diskoa eta bira egiten ari dira. Kontzertu garrantzitsuetan jo dute.
Lur ere badaukagu. Uste dut Laudion dagoen talderik onena dela. Horrez gain, Delitos Menores, Barbakore eta Ragebeat izango ditugu irailaren 19an 20:00etatik aurrera.
Hugo, zuk Lost Merch bitartez ekoizten dituzu Laudion saltzen dituzten kamiseta guztiak. Zer iruditzen zaizu hemen saltzen duten kopurua?
H.: Hitz bakarrean: historikoa. Laudiok hautsi ditu marka guztiak herriz herrikako salmentan. Aipatu beharra dago Isra dela saltzailerik onena.
"Aurten 8.500 euroko ekarpena egin diogu Hardcore Hits Cancer ekimenari"
I.: Jendeak erraztasun guztiak ematen ditu. Aurten 8.500 euroko ekarpena egin dugu eta proiektua hasi zenetik 150.000 euro jaso ditu AFANOC elkarteak.
J.J.A.: Asko laguntzen dute. Ni hasi nintzen Isra laguntzeko, lan zama apur bat kentzeko eta orain batzutan gainezka gaude.
I.F.: Azken jaialdirako atera genuen kamiseta izan da inoiz baino gehiago saldu dena. Soilik Laudion 154 kamiseta izan dira eta jarraitzen dute eskatzen.
J.J.A: Niri harritzen nau, jende askok ez baitu loturarik hardcore mugimenduarekin, ezta musikarekin ere. Diseinu oso deigarriak dira eta nahi dituzte. Agian soilik itxuragatik salduko lirateke, baina badago elkartasun osagaia, minbiziaren kontra aritzeko eta bereziki, umeen kasuan, mingarriagoa dela.
Nola sortu zen Lost Merch eta zuen arteko harremana?
H.: Hardcore Hits Cancer sortu zutenean guregana jo zuten diseinuekin laguntzeko eta kamisetak egiten ditugulako. Danik asmatu zuen apur bat eta niregan jarri zuen konfiantza. Ni hasi nintzen kontua korapilatzen eta azkenean elur bola hain handia egin zen, ezen Laudiora heldu baita.
J.J.A.: Dani aipatu beharra dago, berak minbizia gainditu zuelako eta proiektua abiatu zuelako. Berak lagundu nahi zuen eta berak piztu zuen elkartasun mugimendua.