Omniak oharra zabaldu du, eskatzeko udal gobernu taldeari Mugikortasun Pertsonaleko Ibilgailuen esparrua arautzea. Alderdi independenteak azaldu du ibilgailu elektriko horientzako legea (izan patineteak edo bizikletak) urtarriletik dagoela indarrean.
Halaber, Omniak oroitu du maiatzean mozioa aurkeztu zutela udalbatzan eta aho batez egin zuela aurrera. Gauzak horrela, oposizioko taldeak kritikatu du ez dela ezer egin geroztik eta ibilgailu mota horien legeak zenbait arau ezartzen dituela: 6 eta 25 kilometro orduko gehienezko abiadurak, asegurua izateko derrigortasuna edota espaloietatik joateko debekua...
Hori guztia dela eta, Omniak pasibotasuna leporatu dio EH Bilduri eta exijitu diote beharrezko neurriak hartzea.