Etxebizitza Aiaraldean

Alokairu iruzurra Laudion: 300 euro existitzen ez den etxebizitza bat erreserbatzeagatik

Txabi Alvarado Bañares 2026ko uztailaren 30a

Laudion iragarritako ustezko pisuaren argazkiak beste iragarki batzuetan. Erdikoa da benetakoa. / Idealista

Laudion alokatzen zen ustezko etxe baten atzean dagoen iruzurra ikertu du Aiaraldea Komunikabideak. Iragarkiko argazkiak Kataluniako etxe batenak dira egiatan, eta antzeko beste hainbat iruzurrezko eskaintzetan baliatu dira. 

Izar-uxo baten antzera, ezohiko iragarki bat agertu zen iragan astearen hasieran Idealista webgunean: etxebizitza bat zegoen alokairuan Laudion. 70 metro karratu, bi gela, 930  eurorengatik hilean. 

Ez da ohikoa horrelakoak topatzea, alokairu eskaintza oso murritza delako eskualdean. Artikulu hau idazten ari garen unean, adibidez, Aiaraldean ez da alokairuzko etxe bat bera eskaintzen higiezinen atari erraldoi horretan.

Dena dela, iragarki horrek ez zuen asko iraun. Idealistak berak kendu zuen hilaren 21ean, “susmagarria” bezala sailkatuta. Hala ere, etxebizitza premia larria duen herriko familia bat behintzat harremanetan jarria zegoen ordurako iragarlearekin, WhatsApp bidez, eta ez zuten denbora asko behar izan hainbat gauza arraro sumatzeko. 

Aiaraldea Komunikabideak kasuaren berri jaso zuen, eta iragarlearen telefonoa eskuratu zuen, berarekin harremanetan jartzeko eta eskaintzaren atzean egiatan zer zegoen aztertzeko. 

Deiei erantzuten ez zienez, WhatsApp bidez jarri zen komunikabidea harremanetan iragarlearekin, uztailaren 22an. Hemen ikus daiteke izandako elkarrizketaren lehen zatia, euskarara itzulita: 

Etxera bisita uztailaren 25etik aurrera egin zitekeela esan arren, iragarleak berehala jarri zuen beste baldintza bat mahai gainean: 300 euroko erreserba ordaintzea. Diru hori kontu-korronte batean sartu behar zen, berari horren ziurtagiria bidali, “erreserbaren dokumentazioa prestatzeko”:

Hori egiteko presa ere sartu zuen hainbat aldiz, bestela “kudeatzen jarraitu” behar zuela nabarmenduta. 

Puntu honetara iritsita, Aiaraldea Komunikabideak etxearen argazkiak eskatu zizkion iragarleari, Idealistaren iragarkian jada ikusi ezin zitezkeela argudiatuta. Ustezko pisuaren hainbat irudi jaso zituen bueltan. Irudi horiek adimen artifizialekoak ziren edo ez aztertzea izan zen hurrengo urratsa, hainbat tresna baliatuta. Baliatutako tresna guztiek emaitza bera ematen zuten: egiazkoak ziren.

Argazkien alderantzizko bilaketa egitea izan zen bigarren pausoa, Googlelen bilatzailea baliatuta. Eta modu horretan bai, argi geratu zen Laudioko pisuaren eskaintzak iruzur zantzu handiak zituela. 

Izan ere, irudi berdinak hainbat aldiz baliatu ziren antzeko ereduko beste alokairu batzuk iragartzeko Euskal Herriko zein Espainiako estatuko beste toki batzuetan: 

Iragarki gehienak ez daude ikusgai dagoeneko, Idealistak edo antzeko atariek kendu dituztelako, Laudiokoarekin egin zuten bezala. 

Argazkien bilaketa horretan sakonduz, ondorioztatu daiteke jatorrizko irudiak Terrassa (Katalunia) kokatutako etxebizitza adosatu batenak direla egiatan, 455.000 eurorengatik salgai dagoena udalerri horretako higiezinen agentzia baten bidez

Iragarlearen ustezko NANa

Dena dela, Laudioko iragarkiaren egileak hainbat datu partekatu zituen Aiaraldea Komunikabidearekin, bere eskaintzari sinesgarritasuna emateko asmoarekin. 

Alde batetik, erreserba egiteko kontu-korronte bat eman zuen. Kontu korronte hori, baina, ez zen matematikoki zuzena, Aiaraldea Komunikabideak probatu ahal izan zuenez. Hori jakinarazi zitzaionean, zenbakiak “akats bat” zuela aitortu eta beste kontu korronte bat eman zuen iragarleak, eta hori bai, bazen zuzena matematikoki.

Bestetik, bere ustezko NANaren argazki bat ere partekatu zuen iragarleak. Aiaraldea Komunikabideak hainbat azterketa egin ditu dokumentu horren egiazkotasuna probatzeko, baina kasu honetan ez du ondorio argirik atera ahal izan, dokumentuaren zati batzuk adimen artifizialarekin eginak egon daitezkeenaren zantzuak topatu dituen arren.  

Prozedura bera beste mugikor batetik

Bukatzeko, Aiaraldea Komunikabideak prozedura bera errepikatu zuen uztailaren 23an beste mugikor batetik. Elkarrizketa bera hitzez hitz errepikatu zuen Laudioko iragarkiaren egileak, baina bi aldaketarekin. Alde batetik, 25ean ordez, 30an bisitatu ahalko zen pisua. Bestetik, dirua sartzeko kontu korrontearen zenbakia ere aldatu zuen beste behin. Horrez gain, alokairuaren prezioa 700 eurokoa zela azaldu zuen bigarren elkarrizketa horretan, Idealistako iragarkian jarritakoa baino 230 euro gutxiago. 

Dena den, iragarlearekin elkarrizketek ez zuten askoz gehiago iraun. Uztailaren 23ko arratsaldean konektatu zen zenbakia azkeneko aldiz WhatsApp-era, eta orduz geroztik ez ditu mezuak jasotzen. Dena den, Aiaraldea Komunikabideak azken mezu bat helarazi dio gaiari buruzko bere bertsioa azaldu nahi duen galdetzeko. 

Idealistaren adierazpenak

Aiaraldea Komunikabidea Idealistarekin jarri da harremanetan gaiari buruz galdetzeko. Bertako prentsa kabineteko kideek ezin izan dute kasu zehatz honi buruzko daturik eman, baina horrelako iruzurren gaineko hainbat gako partekatu dituzte. 

Higiezinen atariko ordezkarien arabera, iruzur hauen atzean daudenak ez dira “garajetan sartutako gazte” solteak, “benetako mafiak” baizik, “gaitasun teknologiko handikoak”. Azaldu dutenez, Idealistako kideak “asteko zazpi egunetan eta eguneko 24 ordutan” daude horrelako iragarkien atzetik, eta automatikoki ematen diote baja zerbait arraroa atzematen dutenean. 

Idealistak azaldu du “mafiak” daudela Laudiokoa bezalako iruzurren atzean, eta jendeak alokairuzko etxebizitza bat bilatzean duen “antsietate eta ezinegonaz” baliatzen direla.  

Dena den, aitortu dute “oso konplexua” dela horrelako iragarkiak detektatzea, “mafia horiek” prozesuko “kate-begi ahulena” erasotzen dutelako: erabiltzailea.

Fishing deritzon teknika baliatzen dute horretarako. Posta elektronikoak bidaltzen dizkiete Idealistan iragarkiak jarri dituzten pertsonei, Idealistaren beraren izenean, euren sarbide datuak eskatzen. “Modu horretan iragarkietan sartu eta moldaketak egiten dituzten ezaugarrietan, harremanetarako telefonoan etbr.”.

Horregatik, atariko arduradunei kostatu egiten zaie iragarki horiek detektatzea, ofizialki etxeen jabeak eurak direlako aldaketak egin dituztenak. “Ordubete inguru behar izan dezakegu detektatzeko, baina ordubetean jende andana jar daiteke kontaktuan, etxebizitza behar handia dagoelako”. 

Hori dela eta, horrelako mezuei kasurik ez egitean jarri dute garrantzia, eurek kredentzialak posta elektroniko bidez inoiz eskatzen ez dituztela nabarmenduta. 

Etxebizitzaren premiaren testuinguruan kokatu du Idealistak horrelako iruzurren arrakasta. “Badago jendea etxebizitza behar handia duena eta horregatik antsietatea edo ezinegona bizi duena”, azaldu dute.

Gauzak hala, hainbat gomendio jarraitzeko deia luzatu dute: pisua ikusi baino lehen dirurik ez aurreratzea, ez fidatzea egiazkoak izateko "onegiak" diren higiezinez edota ziurtatzea iragarleak etxebizitza hori saldu edo alokatzeko eskumena duela.

LAGUN AGURGARRIA:

Bisitatzen ari zaren webgune hau euskararen normalizazioaren alde Aiaraldea Ekintzen Faktoria proiektu berrituak garatzen duen tresnetako bat da.

Euskarazko hedabideak sortu eta eskualdean zabaltzeko gogor lan egiten dugu egunero-egunero langile zein boluntario talde handi batek.

Hedabide herritarra da gurea, eskualdeko herritarren ekarpen ekonomikoari esker bizi dena, jasotzen ditugun diru-laguntzak eta publizitatea ez baitira nahikoa proiektuak aurrera egin dezan.

Herritarra, anitza eta independentea den kazetaritza egiten dugu, eta egiten jarraitu nahi dugu. Baina horretarako, zure ekarpena ere ezinbestekoa zaigu. Hori dela eta, gure edukien hartzaile zaren horri eskatu nahi dizugu Aiaraldea Ekintzen Faktoriako bazkide egiteko, zure sustengua emateko, lanean jarraitu ahal izateko.

Bazkideek onura eta abantaila ugari dituzte gainera, beheko botoian klik eginda topatuko duzu informazio hori guztia.

Faktoria izan, egin zaitez bazkide.

Aiaraldea Hedabideko lantaldea.


Izan bazkide