Dena prest dute Urduñan UrduFolk jaialdiaren XIV. edizioa ospatzeko. Azken edizioa udazkenera mugitu ostean, Koroatze jaien testuingurura bueltatu da berriro folk jaialdi ezaguna.
Antolakuntzatik oso pozik azaldu dira hilabete luzez ondutako kartelarekin; “edizio oso potentea antolatu dugula uste dugu”, nabarmendu dio Joseba Urruelak Aiaraldea Komunikabideari. Ohi bezala folk musikaren ertz desberdinak taularatuko ditu UrduFolkek, proposamen berritzaileak zein tradizionalagoak uztartuz. Aurten estreinakoz reggae musikari egingo diote tokia jaialdian, baina izango da oso bestelako estiloak ere entzuteko parada.
Kaleko musika
Azken urteetan ez bezala, El Trasno gaiteroen bandak ez du Urduña bisitatuko. Antolakuntzak atseden eman nahi izan dio talde asturiarrari hamar urteko konpromiso nekaezinaren ostean, datorren urtean berriz ere jaialdian elkar ikusteko asmoz. Baina kaleko musikarik ez da faltako. Irailaren 4an FTF Street Band taldeak irekiko du UrduFolkeko programazioa. Tokiko Fitafik musika eskolako ikasle eta irakasleek aspaldi sortutako kaleko banda da hori, eta jaialdiko lehen orduak gozarazteko elkartuko dira berriz.
Irailaren 5ean, aldiz, Broken Brothers Brass Band iruindarren txanda izango da. “Euskal Herriko gisa honetako bandarik onenetarikoa dira, eta New Orleanseko erritmoak ekarriko dituzte Urduñara”, zehaztu du Urruelak. Larunbat eguerdian izango da hori, Koroatze jaietako Marmitako Txapelketarekin bat eginez.
Erritmo guztietako kontzertuak
Bost dira Foru Plazako eszenatokira igoko dituzten proposamen musikalak. Ostiralean Harribitxi izango da tranpaldora igotzen lehena, Urruelaren hitzetan “Euskal Herriko azken urteetako berrikuntzarik nabarmenena”. Bi txistularik osatutako taldea da, baina txistua ez ezik beste makina bat instrumentu ere jotzen dituzte; “Espektakularra da ezkerreko eskuarekin txistua jo bitartean eskumako eskuarekin, edota oinekin, bestelako instrumentuak nola jotzen dituzten ikustea”, azaldu dute antolatzaileek. Harribitxiren ondotik, aurtengo kartelburua den Patáx taldea igoko da eszenatokira. Nazioarteko biraren barruan Urduñan geldialdia egingo du Madriletik datorren flamenko fusio bandak. Patáxen diskografian Michael Jackson edota The Beatles bezalako artisten abestiei omenaldia egin diete, betiere estilo propioari eutsiz. “Maila goreneko musikariak dira”, nabarmendu du Urruelak.
Larunbatean Besaide taldea izango da taularatzen lehena. Albokak, zarrabetea edota Mediterraneoko soka-instrumentuak ardatz Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako hiru musikarik osatutako proiektua da, “jaialdiko proposamenik tradizionalena” antolakuntzaren hitzetan.
Lone Ark meets the Message proposamen musikalak jarriko du aurrenekoz reggae musika UrduFolkeko oholtza gainean. “Reggae talde bat ekarri nahi genuen, eta horren bila genbiltzala Roberto Sanchez ekoizlearekin egin genuen topo; Europa mailako reggae ekoizlerik entzutestuena”. Hain zuzen ere Sanchezen bi proiekturen batura izango da Urduñan ikusi ahalko dena: 20 urte baino gehiagoko ibilbidea duen Lone Ark eta reggae instrumentala egiten duen Message. “Hamahiru musikari batuko dira oholtzan “roots” musika egiten, oso kontzertu potentea izango da”, aldarrikatu du Urruelak.
Larunbat gaua luzatzeko, eta reggae estiloa alde batera utzi gabe, Dardara Soinu Sistemak astinduko du Foru Plaza. Aiaraldeko gazte talde batek abiatutako proiektu musikala da hau, eta tartean badago ordezkari urduñarrik. Bi orduko emanaldia eskainiko dute.
Aurrera begira
Aurtengo ediziorako “oso gogotsu” daudela azaldu dute UrduFolkeko antolatzaileek, eta jaialdian bilduko diren musikarien kalitatearekin “oso pozik” daudela nabarmendu dute. Baina dagoeneko hasi dira 2027ko UrduFolk jaialdian pentsatzen. Izan ere, ez da nolanahiko edizioa izango: 15. urteurrena beteko du folk musikaren hitzorduak.